Gazte, mugikortasun urriko pertsona eta guraso bakarreko familien etxebizitza eskuragarritasuna hobetzeko laguntzak martxan daude
Tokiko merkataritza sustatu eta gazteen kontsumoa herrian bultzatzeko bonuen programa onartu da
Etxebizitzetako galdara eta leihoak ordezkatzeko oinarriak ere onartu dira, Beasaingo eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko helburuz
Beasaingo Udalak otsaileko ohiko osoko bilkuran eta gobernu batzordean, herritarren bizi-kalitatea hobetzea, tokiko ekonomia indartzea eta jasangarritasuna sustatzea helburu duten hainbat neurri onartu ditu, udal gobernuaren jardun ildo estrategikoekin bat etorriz.
Etxebizitza eta emantzipaziorako babesa
Udal gobernuaren lehentasun nagusietako bat gazteen emantzipazioa eta kolektibo kalteberen babesa da. Horrela, osoko bilkuran gazteei (18 eta 30 urte bitartekoei), mugikortasun murriztua duten pertsonei eta guraso bakarreko familiei etxebizitza alokairurako dirulaguntzen oinarriak onartu dira.
Laguntzek alokairuaren %20 eta %50 arteko estaldura izan dezakete, hilean 100 eta 250 euro arteko mugarekin. Laguntzak gehienez 12 hilabeterako izango dira, ohiko etxebizitzarako, eta alokairuak ezin izango du hilean 800 euroko zenbatekoa gainditu. Neurri honen bidez gazteen emantzipazioa bultzatu nahi da, mugikortasun urriko pertsonek etxebizitza egokiak eskuratzeko aukera izan dezaten lagundu eta guraso bakarreko familiak egoera kalteberetatik babestu, aldi berean etxebizitza hutsen merkaturatzea sustatuz.
Gazteen kontsumoa herrian eta tokiko merkataritza sustatzeko bonuak
Gazteen kontsumoa tokiko merkataritzan sustatzeko bonuen programa arautzen duten dirulaguntzak ere onartu dira aho batez, 40.000 euroko aurrekontuarekin.
18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimen honen bidez, 20 euroko balioa duten bonuak eskuratu ahal izango dira: gazteak 10 euro ordainduko ditu eta Udalak beste 10 euro jarriko ditu. Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu erosi ahal izango ditu, eta bonuak kanpainara atxikitutako herriko establezimenduetan erabili ahal izango dira 2026ko apirilaren 13tik uztailaren 31ra bitartean.
Neurri honek tokiko merkataritzaren dinamizazioa eta gazteen kontsumo ohituren eraldaketa uztartzen ditu.
Etxeetako energia eraginkortasuna hobetzeko laguntzak
Era berean, eraikin eta etxebizitzetan energia eraginkortasuna hobetzeko jarduketetarako dirulaguntzen oinarriak onartu dira alderdi guztien adostasunarekin.
Laguntzak, besteak beste, galdara indibidualak ordezteko (400 euroko dirulaguntza) eta leiho edo beirazko itxiturak berritzeko (kostuaren %30 arte, gehienez 1.200 euro) bideratuko dira. Jabeen erkidegoen kasuan, egindako gastuaren %10 lagundu ahal izango da, gehienez 6.000 euroraino.
Helburua da 2008 baino lehen eraikitako etxebizitzen energia kontsumoa murriztea eta jasangarritasuna hobetzea.
Euskararen erabilera sustatzeko neurriak
Euskararen erabilera normalizatzeko konpromisoak tinko jarraitzen du eta bi dirulaguntza lerro onartu dira aho batez.
Batetik, gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz gainditzen duten beasaindarrei matrikula gastuen zati bat estaltzeko laguntzak emango zaizkie, gehienez 150 euro artekoak.
Bestetik, merkataritzan euskararen presentzia indartzeko laguntzak onartu dira, errotuluak, irudi korporatiboa edo webguneak euskaraz jartzen dituzten establezimenduentzat. Kasu horietan, kostuaren %50eraino lagundu ahal izango da errotuluetan eta irudi korporatiboan, eta webguneen kasuan %60 arte euskaraz soilik bada.
Merkataritza sektorea biziberritzeko laguntzak
Tokiko jarduera ekonomikoa sustatzeko helburuarekin, merkataritza sektorea biziberritzeko dirulaguntzen oinarriak ere onartu dira.
Laguntzek lokal hutsak aktibatzea dute xede. Lokal bat alokatzen duten ekintzaileek lehen urtean alokairuaren %50 arteko laguntza jaso ahal izango dute (gehienez 300 euro hilean), eta bigarren eta hirugarren urteetan %40 artekoa (gehienez 200 euro hilean). Lokal bat erosten denean, katastro balioaren %4 arteko dirulaguntza eman ahal izango da, gehienez 2.000 euroraino.
Bake epaile titular eta ordezko berriak
Osoko bilkuran bake epaile titular eta ordezko berriak izendatzeko proposamena ere onartu da, aurreko agintaldiaren amaieraren ondoren. Cristina Apaolaza Gurrutxaga izendatu da bake epaile titular eta Xabat Irastorza Lertxundi ordezko gisa.
Bilkurak, gainera, beste hainbat neurri ere onartu ditu, besteak beste, Arangoitiko fatxadak birgaitzeko obren zerga hobaria (%95ekoa), berdintasunaren arloan lan egiten duten elkarteentzako 16.000 euroko dirulaguntza lerroa eta mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako autonomia sustatzeko tailerren kontratuaren luzapena.
Ingurumena babesten jarraitzeko erabakiak
Tokiko Gobernu Batzordeak ibilgailu elektrikoen erabilera partekatuko (car sharing) zerbitzua kontratatzeko pleguak onartu ditu.
Azken urteko proba pìlotuaren emaitza positiboak ikusita, zerbitzua hiru urterako lizitatzea erabaki da, urtebeteko luzapen batekin. Hasiera batean egungo ibilgailu flotari ekonomikoagoa den hirugarren bat gehituko litzaioke, etorkizun batean laugarren bat eskaintzeko aukerarekin. Horrela, herritarrek beraien momentuko beharrei erantzuteko gai den mugikortasun partekatuko zerbitzu bat izango dute, jabetzako auto pribatu baten koste finkoei aurre egin gabe.
Halaber, Agauntza, Eztanda eta Oria ibaietan landare inbaditzaileak erauzteko, landaketa berriak egiteko eta ibaiak garbitzeko zerbitzua kontratatzeko pleguak ere onartu dira, udalerriko ingurumenaren babesa indartzeko.


