Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Udal gobernua

Beasaingo berdeguneen mantentzea, hiri paisaia atseginari lotutako kontratazioa

2026/02/06

Urtarrileko osoko bilkuran kontrataziorako baldintza pleguak onartu eta deialdi publikoa egitea erabaki da; urteko aurrekontua 398.595,62 eurokoa izango da (+ BEZ) eta kontratuak 5 urteko iraupena izango du 

Beasaingo Udalak berdegune eta lorategien mantentze-zerbitzua gizarte ekimeneko enplegu-zentro eta gizarteratze enpresentzat gordetako lizitazio bidez kontratatuko du

Beasaingo Udalak udalerriko parke, lorategi, berdegune eta bide-zuhaiztien mantentze, kontserbazio eta hobekuntza zerbitzua kontratatzeko prozesua irekitzat eman du. Urtarrileko osoko bilkuran zerbitzuaren pleguak onartu eta lizitazio publikoaren deialdia egitea erabaki da aho batez, parte-hartzea gizarte ekimeneko enplegu-zentro bereziei eta araututako gizarteratze enpresei erreserbatuz.

Parke, lorategi, berdegune eta bide-zuhaiztien mantentze eta kontserbazio egokiak funtsezkoak dira udalerriaren kalitatea eta bizigarritasuna bermatzeko. Espazio berde txukun eta garbiek herritarren ongizate fisiko eta emozionalean eragin zuzena dute, aisialdirako, kirolerako eta harremanetarako gune seguru eta atseginak eskainiz. Aldi berean, ingurumenaren ikuspegitik, biodibertsitatea babesten laguntzen dute, bero-uharte efektua murrizten dute eta airearen kalitatea hobetzen dute. Horregatik, zerbitzu honek herriaren irudi zaindua eta espazio publikoen erabilera egokia bermatzen ditu, Beasain herritarren zerbitzura dagoen udalerri garbi, irisgarri eta jasangarri gisa sendotuz. 

Gizarte-konpromisoarekin lotutako kontratazioa

Udalak historikoki enplegu-zentro berezien aldeko erreserba-irizpidea aplikatu izan du, desgaitasun fisiko edo/eta mentala duten pertsonen laneratzea eta inklusioa sustatzeko.

Lizitazioaren urteko oinarrizko aurrekontua 398.595,62 eurokoa izango da, gehi 81.404,38 euro BEZari dagozkionak. Kopuru horretan, ohiko lanez gain, 18.244,67€ + BEZ material eta lan berezietarako biderautko lirateke eta 8.061,94€ + BEZ lorezaintza hobekuntza lanetarako. Guztira, esku-hartze azalera 135.291m2-tako izango da, kontratuaren egikaritze epea 5 urtekoa izango delarik eta kontratua luzatzeko aukerarik aurreikusi gabe.

Honela, Udalak kalitatezko zerbitzu publikoak eta gizarte-erantzukizuna uztartzen dituen kontratazio ereduan sakontzen jarraitzen du, udalerriko ingurune berdea zaintzeaz gain, laneratze aukerak sortuz.

Zerbitzuaren bidez egingo diren lan nagusiak

Kontratuaren helburua udalerriko espazio berdeak egoera egokian, garbi eta seguru mantentzea da. Besteak beste, honako jarduketak jasotzen ditu:

  • Kontserbazio orokorra: ureztatzeak, ureztatze sarearen mantenua, soropilen mozketa, aireztatzea, mozketak…
  • Landaketa berriak eta birjarpenak
  • Zuhaiztiaren kimaketa lanak
  • Sagastiguti parkearen mantentzea
  • Berdeguneak hobetu eta egokitzeko lanak
  • Horma eta espaloiak landaredi eta hostoz garbi mantentzea
  • Zuhaitziak eragindako segurtasun publikoa mantentzeko lanak
  • Lan bereziak: altueran inausketak, destokonaketak, zulaketak..

Sagastiguti parkeak aisiarako gune eta babes-kllimatiko ikuspegitik duen garrantzia haintzakotzat haruta, pleguek atentzio berezia jartzen die espazio honi: astero 3 garbiketa burutuko dira egonleku zein paperontzietan bertako hiri altzariaren garbiketa eta zainketa eginez, bideak mantentzeko urtean hiru tratamendu herbizida osatuko dira, hormigoizko arketa eta kutxatilak garbi mantenduko dira eta garbiketa sakon bat egingo da urtean behin.

Helburua da herritarrek espazio atsegin, seguru eta irisgarriak izatea urte osoan zehar.

Osoko bilkuran landutako gainerako gaiak

Urtarrileko ohiko bilkurako gai-zerrendaren barruan, beste hainbaten artean, honako puntu hauek ere aztertu eta onartu  ziren: kontratazioen artean, etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren kontratua esleitzeko proposamena (EHBilduren abstentzioarekin) eta Loinazko etxez etxeko laguntza-zerbitzua eta eguneko zentroa emateko kontratuaren luzapena (aho batez) onartu dira. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Loinatz eguneko zentroa finantzatzeko hitzarmeneko 2025eko modulu ekonomikoen aldaketa ere aho batez onartu da.

Ondorengo dirulaguntzen oinarriak onartu dira aho batez: 2026ko Loinatz Jaietako kartel lehiaketakoa, 2026an kultura-sorkuntza sustatzeko laguntzena, mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonentzako estimulazio/errehabilitazio programena, eta Gizarte izaerako laguntzena. Berri emateen artean, Aitor Urdangarin Irastorza zinegotziaren lanaldi erdiko dedikazio osoari uko egitearen berri eman da.