Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Udal gobernua

Bonberia eta Gazteleku berria eraikitzeko lanak hilabete honetan abiatuko dira

2026/01/16

Arana kalearen biziberritzearekin lotuta, kultur jarduera anitzak hartzeko espazio ireki, irisgarri eta malgua eskainiko du Bonberia kulturguneak

Gazteleku berria Beasaingo nerabeentzako topagune hezitzaile eta parte-hartzailea izango da, gazteen beharretatik abiatutako eredua oinarri hartuta

Beasaingo Udalak herritarrentzako funtsezkoak diren bi proiektu estrategiko jarriko ditu martxan datozen asteetan abenduko udal gobernu batzordean onartuak izan ondoren: Bonberia eraikina kulturgune bihurtzeko eraberritze lanak eta Gazteleku berria eraikitzea. Udal Gobernuak arlo sozialean eragin zuzena duten bi egitasmo nagusi hauek —kultura eta gazteria— udal politikaren lehentasunen artean kokatu ditu, eta orain, lanen hasierarekin batera, proiektuak gauzatzeko fase erabakigarrian sartuko dira.

Kulturarako azpiegitura estrategikoa eta Arana kalearen biziberritzea

Bonberia eraikina eraberritzeko lanak IPARRAGIRRE ERAIKUNTZA LANAK S.L. enpresari esleitu zaizkio, 721.160,00 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Lanek 6 hilabeteko iraupena izango dute, eta urtarrilaren 19an hasiko dira.

Bonberia kulturgune bihurtzeko proiektua Udal Gobernuak aspaldidanik planteatutako egitasmo estrategikoa da, eta helburu argia du: kultur jarduera anitzen beharrei erantzungo dien espazio balioanitza sortzea, Beasainek gaur egun duen eskaintza osatu eta indartzeko.

Bertan musika, antzerkia, erakusketak eta bestelako adierazpen artistikoak garatzeko aukera egongo da, formatu desberdinetara egokitzeko moduko azpiegitura batekin.

Eraikinak besteak beste, espazio hauek izango ditu; erabilpen anitzeko eremua, fatxadako beirazko itxitura zabalduz kalera irekitzen dena; kultur ekitaldietan luntx bat eskaintzea ahalbidetuko duen office bat; komun irisgarria, biltegia eta leihatilla.

Horrez gain, proiektuak Arana kalearen biziberritzeari ere erantzuten dio, beasaindarrentzat topagune izan dadin. Eraikina kalera irekiko da, barruan egiten diren jarduerak kanpora proiektatzeko aukerarekin, eta herritarrentzako topagune bilakatzeko bokazioarekin. Gainera, eraikinak plazaruntz pergola itxurako estalki bat izango du erantsita, aisiarako toki atsegina bilakatuko den eremua sortuko duena, batez ere uda garaian.

Proiektuaren beste ardatz garrantzitsu bat irisgarritasuna da: hobekuntza nagusi gisa, harrapala berri bat txertatuko da, ibaiaren aldeko pasabidera sarbidea bermatzeko eta eraikina pertsona guztientzat erabilgarri izan dadin. Horrela, egun ondoko etxebizitzetan baldintzatuta dauden behe solairuetako lokalak irisgarriak bilakatzen dira, jarduera dutenen baldintzak hobetuz eta urteetan itxita egon direnei aukera berriak eskainiz.

Nerabeentzako espazio hezitzaile eta parte-hartzaile berria

Gazteleku berria eraikitzeko lanak Unebide Obras y Contratas, S.L. enpresari esleitu zaizkio, 265.002,05 euroko zenbatekoarekin (BEZ barne). Lanak urtarrilaren 26an hasiko dira, eta 16 asteko iraupena izango dute.

Gaztelekua Oriamendi kalean kokatuko da (4 zenbakian), eta Beasaingo 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzendutako udal-zerbitzuaren espazio fisiko erreferente nagusia izango da. Proiektu honek nerabeen aisialdiari, garapen pertsonalari eta harreman sozialei modu hezitzailean heltzeko beharrari erantzuten dio.

Eraikinaren barruan honako espazio-banaketa aurreikusten da: egongela nagusia, non sofa gune bat egongo den, mahaiak eta aulkiak ekintza desberdinak aurrera eramateko, futbolina, eta abar; sukaldea eta komunak hartuko dituen eremu nagusia lokalaren erdian; erabilpen anitzeko espazio irekia, bideo emanaldiak, dantza, antzerkia eta orokorrean ekintza dinamikoagoak egitea posible egingo duena.

Azpiegitura honetarako programa eta materialak definitzeko gazte eta nerabeen artean galdetegi bat zabaldu zen, eta hemendik jasotako erantzun eta eskaerak espazioen ezaugarriak definitzeko erabili da.

Gaztelekua ez da soilik eraikin bat izango, baizik eta Nerabeentzako Zerbitzuaren ardatz nagusia, parte-hartzea, sormena, berdintasuna eta komunitatearekiko lotura sustatuko dituena. Proiektua Beasainen azkenekoz egindako haur eta gazteria diagnostikoan oinarritzen da, bertan jasotako behar eta erronkei erantzuteko helburuarekin.

Azpimarratzekoa da, halaber, Gaztelekua oposizioarekin egindako lanketaren ondorioz gauzatu dela, oposiziotik egindako ekarpen eta proposamenak txertatuz. Horrek adostasunetik eraikitako proiektu bat dela erakusten du, gazteen ongizatea helburu komun gisa hartuta.

Kultura eta gazteria, udal estrategia berean

Bonberia eta Gaztelekua bi egitasmo desberdin badira ere, ikuspegi estrategiko bera partekatzen dute: Beasaingo herritarren bizi-kalitatea hobetzea, kultura eta gazteria bezalako bi arlo giltzarri indartuz. Bi proiektuek espazio publikoen erabilera berrasmatu, komunitatea aktibatu eta herriaren dinamizazio sozial eta kulturala bultzatzeko tresna izango dira.

Udal Gobernuak, horrela, urrats sendoa eman du Beasain kohesionatuago, parte-hartzaileago eta etorkizunera begirakoa eraikitzeko bidean.

gaztelekua

BONBERIE REV 2 3