Udal gobernu batzordean onartu da Moyua enpresari lanak esleitzea eta sei hilabeteko iraupena izango dute
Osoko bilkuran, aho batez onartu dira 2026rako Auzo-Taxi programaren dirulaguntzak eta Beasain Idazlehiaketaren oinarriak
Beasaingo Udaleko Gobernu Batzordeak, aho batez onartu du Barrendain plaza urbanizatzeko obrak CONSTRUCCIONES MOYUA, S.L. enpresari esleitzea. Esleipenaren zenbatekoa 1.489.349,43 € (BEZa barne) eta egikaritze epea 6 hilabetekoa izango da. Obren hasiera 2026ko urtarrilaren 12an izango da.
Harremanak eta komunitate bizitza sustatzeko
Barrendain plazaren berrurbanizazioaren helburua plaza herriguneko topagune nagusietako bat bihurtzea da, harremanak eta komunitate bizitza sustatuz. Proiektua herritarren beharrak erdigunean jarrita diseinatu da, irisgarritasuna, erabilera aniztasuna eta adin guztietarako egokitutako espazioak lehenetsita.
Udalaren asmoa plaza behar berrietara egokitzea da, ingurune atsegina eta erosoa sortuz, itzalgune eta berdeguneekin, atseden guneekin eta herritarren arteko elkarrekintza sustatzeko baliabideekin.
Auzo-Taxi programaren dirulaguntzak 2026rako
Bestalde, osoko bilkuran aho batez onartu da 2026. urteko Auzo-Taxi programarako dirulaguntzen proposamena. Programaren helburua landa-auzoetako bizilagunen irisgarritasuna hobetzea da, erdigunera joateko aukerak handitzea eta garraio publiko bidezkoago eta jasangarriagoa eskaintzea. Oraingo honetan Gudugarreta auzoa gehitu da zerbitzu honetara. Auzo-Taxi zerbitzuak eskaera bidez funtzionatzen du, eta ordutegi eta ibilbide egokituak eskaintzen ditu beharren arabera.
Beasain Idazlehiaketaren oinarrien onespena
Beasain Idazlehiaketa antolatzeko oinarriek ere udalbatza osoaren baiezkoa jaso dute. Lehiaketa 9 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta helburua da euskarazko sormen literarioa sustatzea eta gazteen artean irakurzaletasuna eta idazmena bultzatzea.
Beasaingo Udalak, hizkuntza eta kultur arloan dituen eskumenen barruan, euskararen erabilera dinamizatzea eta belaunaldi berriek euskal sorkuntzarekin harremana izatea du helburu. Idazlehiaketa urtean behin ospatzen da eta prosa eta poesia formatuetako lanak onartzen dira.



