Udalak jasangarritasun energetikoa garatzen jarraitzeko bidean kokatzen ditu laguntza hauek eta klima aldaketari aurre egiteko eta bizi-kalitatea hobetzeko urrats sendoak dira
Euskararen sustapenean beste urrats bat eman da, gazteei zuzendutako proiektu pedagogikoa abiaraziz eta helduen artean euskara ikasteko laguntzen oinarriak onartuta
Beasaingo Udalak uztaileko osoko bilkuran aho batez onartu ditu udalerriko eraikin eta etxebizitzetan energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketei zuzendutako dirulaguntzen oinarri arautzaileak. Neurri hau Udalaren estrategiaren baitan kokatzen da, klima-aldaketaren aurkako erronkei aurre egiteko, jasangarritasun energetikoa bultzatzeko eta udalerriko etxebizitza-parkea hobetzeko helburuarekin.
Laguntzen helburua da eskala txikiko esku-hartzeak bultzatzea, hala nola galdara zaharrak ordezkatzea edo leiho eta ateetako beirazko itxiturak berritzea, energiaren kontsumoa eta bero-galerak murriztuz. Horrelako jarduerek energiaren kontsumoan eragiten dute eta eraikin zaharren energia-portaera hobetzea dute xede.
Onuradunak eta laguntzen zenbatekoa
2025eko udal aurrekontuan 20.000 euroko diru-lerroa aurreikusi da laguntza hauek finantzatzeko. Diruz lagunduko diren jarduketak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera egindakoak izan beharko dira, eta gehienez 2025eko azaroaren 30a baino lehen amaituak.
Dirulaguntzen onuradun izan daitezke jabeen erkidegoak eta norbanako jabeak. Azken kasu honetan, etxebizitza ohiko bizilekua dela eta azken urtean bertan erroldatuta egotea egiaztatu beharko da.
Hauek dira laguntzen zenbatekoak:
Jabeen erkidegoentzat: jarduketaren gastuaren %10 arteko dirulaguntza, gehienez 6.000 euro.
Banakako jabeei: Galdara aldatuz gero, 400 euroko laguntza. Leiho edo ateetako beirazko itxiturak ordezkatuz gero, gastuaren %30eko laguntza, 1.200 euroko mugarekin.
Dirulaguntzen eskaera egiteko eta baldintza guztiak ezagutzeko, herritarrek Igunera (herritarrentzako arreta eta informazio gunea) jo dezakete. Informazio osoa, bertan eskaerak aurkezteko laguntza ere eskainiko dira. Laguntzen eskaerak, erabakia GAOn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira.
Etxebizitzak jasangarriagoak izateak ingurumenaren zaintzan ez ezik, herritarren bizi-kalitatean ere eragin zuzena du. Beasaingo Udalak berretsi du etxebizitzen birgaitze energetikoa funtsezkoa dela trantsizio energetikoan eta ingurumenarekiko erantzukizunean aurrera egiteko.
Euskararen sustapenean aurrera
Beasaingo Udalak bi erabaki esanguratsu hartu ditu euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko: batetik, hezkuntza-esparruan gazteei zuzendutako proiektu integrala; bestetik, helduen euskara-ikaskuntza laguntzeko dirulaguntzen oinarriak onartzea datorren ikasturterako. Biak ala biak Udalaren hizkuntza-politikaren sendotzean eta erabilera sozialaren sustapenean oinarrituta daude.
Beasaingo ikasleen artean euskararen erabilera eraginkorra eta kontzientea bultzatzeko asmoz, Udalak azken gobernu batzordean "EMUN, S.COOP." enpresari esleitu dio hiru ikasturtetan garatuko den proiektu pedagogiko bat. Proiektu honek ikasleengan hizkuntza-kontzientzia, asertibitatea eta portaera ekologikoak lantzea du helburu, ikuspegi praktiko eta jarraitu batekin. Egitasmo honekin, ikasleekin saio pedagogikoak eta ikastetxeekin lankidetza iraunkorra gauzatuko dira.
Dirulaguntzak euskaltegietan euskara ikasteko
Euskara ikasi nahi duten beasaindarrei laguntza ekonomikoa eskainiz, Udalak 37.000 euroko diru-lerroa jarri du eskuragarri Beasaingo Euskaltegian matrikulatuko direnentzat. Datorren ikasturteko laguntzak osoko bilkuran aho batez onartu dira. Helburua da helduen artean euskararen ezagutza areagotzea eta erabilera praktikoa sustatzea. 16 urtetik gorako eta Beasaingo erroldan izena emanda dauden herritarrei zuzenduta daude.
Dirulaguntzen kopuruak hauek izango dira: orokorrak, A1-C1 mailetako matrikularen %100, C2 mailan %50. Gizarte Larrialdietarako Laguntzen hartzaileei eta langabetuei matrikularen %100.
Ekimen bikoitz honek erakusten du Beasaingo Udalak ikuspegi integratutik lan egiten duela euskararen normalizazioan: gazteen artean hizkuntza-jarrerak eta erabilera ohiturak lantzen dira hezkuntza formalaren baitan, eta helduen artean, ikasketa-prozesua errazten da baliabide ekonomikoen bidez.



