Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Udal gobernua

Gazteria, euskara eta familia zaurgarrientzako laguntzak sendotzen

2025/07/02

Gazteleku berria martxan jartzeko bidean, eraikitzeko lanen kontratatzeko prozesua abiatu da. Azaroan hasiko dira lanak eta hiru hilabetetan amaitzea espero da

Euskararen ezagutza eta erabilera haurren artean sustatzeko Hizkuntza Errefortzu zerbitzua beste bi urterako esleitu da

Osoko bilkurak, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak banatzeko irizpideak, Ura eta zabor tasentzako laguntzak eta Kiroldegiko zerbitzuak erabiltzeagatiko laguntzak emateko oinarriak onartu ditu

Beasaingo Udalak urrats berria eman du herriko gazteentzako espazio berri bat sortzeko bidean. Udaleko Gobernu Batzordean onartu dira Gazteleku berria eraikitzeko lanen baldintza pleguak eta lizitazioaren deialdi publikoa EHBilduren abstentzioarekin eta gainontzeko alderdien baiezkoarekin, eta ondorioz, proiektua gauzatzear dago. 

Gazteen beharrak erdigunean

Gaztelekuaren helburua ez da espazio fisiko bat sortzea soilik; areago, herriko gazteen ongizatea, parte-hartzea eta garapen pertsonala sustatzeko baliabide integrala izatea da. Gaztematika – Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria Politikaren esparruan – jasotzen den bezala, gaztelekuak topaleku seguru eta eskuragarri bat izatea du xede, non gazteek euren artean harremanak eraiki, interesak garatu eta komunitatean parte hartzeko aukera izango duten.

Beasaingo kasuan, Gazteleku berria Oriamendi kaleko 4. zenbakian egokituko da, Udalak berriki eskuratutako lokalean. Obrak udazkenean hasiko lirateke, izan ere, lanak esleitu eta kontratatzeko epea azarora arte luzatu daiteke. Aurreikusitako lanak 12 asteko iraupena izango dute eta guztira 333.747 euroko aurrekontua dute (BEZ barne).

Gaztelekua ez da eraikin huts bat izango, baizik eta gazteentzako aukerak eta bizi-kalitatea hobetzeko tresna bat.

Euskararen erabilera eta ezagutza sustatzen jarraitu

Batzorde berean aho batez onartu zen Hizkuntza Errefortzu Zerbitzua Ttakun enpresa lasartearrari esleitzea, bi urterako kontratu batekin eta beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Zerbitzu honen helburua argia da: herriko haur eta gaztetxoen artean euskararen jakintza eta erabilera indartzea, ikastetxeekin elkarlanean eta doako arreta eskainiz. 

Udalak euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoa berretsi du, eta zerbitzu honek bide horretan ekarpen nabarmena egiten jarraituko du. Ikastetxeek identifikatzen dituzte laguntza behar duten ikasleak, eta horiek bideratzen dira Loinazko San Martin plaza azpian eta Ezkiaga auzoan eskaintzen den zerbitzura.

Azken urteetan, bataz beste 150 haur izan dira zerbitzuaren onuradun. Bertan, euskararen lanketan eta eskolako zereginetan laguntza jasotzen dute, dinamika eta jolasen bidez hizkuntza gaitasunak sendotzeko. 

Egoera ahulean daudenentzako babesa

Bestalde, Udalak 2025. urteko Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) ordainketa-irizpideak onartu ditu ekaineko Osoko Bilkuran. Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 7ko aginduari jarraikiz, udalerrirako 166.132 euroko aurrekontu-muga ezarri da, eta laguntzen helburua da bazterketa-arriskuan dauden pertsonen egoera arintzea eta gizarteratzea erraztea.

Aho batez onartu diren irizpideen arabera, laguntzak honako kontzeptu hauetan eman daitezke, lehentasun-ordenan eta gehienezko zenbatekoekin: Alokairurako, Hipoteka-gastuetarako, energia-gastuetarako, etxebizitza mantentzeko ohiko gastuetarako, oinarrizko premietarako, eguneroko gastuetarako, betaurrekoetarako, hortzetako gastuetarako, altzariak eta etxetresna elektrikoetarako, eta etxebizitzaren konponketa edo egokitzapenerako.

Udalak, Eusko Jaurlaritzak ezarritako markoan, laguntza hauek ukatzeko edo onartu eta ordaintzeko ardura du. Helburua da herritarrek, egoera zaurgarrian daudenean, oinarrizko beharrei erantzun ahal izatea eta bizitza duin baterako aukera izatea. 

Helburu berdinarekin, 2025eko ura, zaborra eta kiroldegiko tarifak ordaintzeko laguntzak ezarri dira. Hauek ohiko etxebizitzako uraren eta zaborraren tasen nahiz udal kiroldegiko zerbitzuen erabileraren kostua arintzera bideratuta daude. Horretarako, Udalak 45.000 euroko kontusaila aurreikusi du aurrekontuetan.

Laguntzak diru-sarreren eta ondarearen arabera emango dira, eta gehienez 600 € jasotzeko aukera egongo da ur eta zabor tasen kasuan, eta kiroldegiko tarifetan, udako hilabeteetan (ekaina-iraila) gastuaren %80ra arteko laguntza eska daiteke. Eskaerak irailaren 1etik 30era aurkez daitezke.

Neurri hauekin, Beasaingo Udalak herritarren berdintasunean eta aukera-berdintasunean sakontzen jarraitu nahi du, baliabide ekonomiko urriko familientzat oinarrizko zerbitzuak eskuragarri izatea bermatuz.