Beasaingo Udalak ale gehiago argitaratu ditu herritarren eskaera zabalari erantzuteko; liburua Mirentxu eta Jon Aranbururen liburu-dendetan eskura daiteke
Joan den abenduan aurkeztu zenetik, "Beasain mende arteko jauzia iruditan" izenburupean argitaratutako Beasaingo Paperak bildumaren 33. aleak harrera bikaina izan du herritarren artean. Arrakasta itzela izan dela eta, lehen sortako ale guztiak berehala agortu ziren. Orain, beasaindarren interesari eta eskaera handiari bide emateko, Udalak ale sorta berri bat inprentaratu eta salgai jarri duela iragarri du.
Lan honek herriaren "arima" jasotzen du, azken 40 urteetako eraldaketa sakona ia mila argazkiren bidez dokumentatuz. Obra honek gure herriko kale, auzo eta eraikinen bilakaera ez ezik, horien barruan bizitza egin duten pertsonen lekukotza ere ematen du, "Lurraldea" kontzeptuaren baitan.
Oroimena eta belaunaldien arteko zubia
Liburuak udalerriko txoko guztiak zeharkatzen ditu: Antzizarretik Ezkiagara, Altamiratik Erauskinera, eta Oria ibaiaren ertzetatik herriko auzo urrunenetaraino. Juantxo Unanuak eta Xabier Garmendiak egindako ikerketa eta bilketa lan eskergari esker, argitalpen honek iraganaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa sustatu nahi du. Argazki bakoitzak historiaren zati bat kontatzen du, batzuentzat "oroimiƱa" izango dena eta besteentzat "aurkikuntza".
Interesa duten guztiek herriko ohiko guneetan aurki ditzakete ale berriak: Mirentxu eta Jon Aranbururen liburu-dendetan. Udalak liburua etxean partekatzeko eta belaunaldien arteko elkarrizketarako tresna gisa erabiltzeko gonbita luzatu die beasaindarrei.



