Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kultura

Ane Zubeldia Magriñák Igartza Literatur Bekak saritutako "Datorren udan ez gara hemen biziko" ipuin-bilduma aurkeztu du

2026/04/30

XXVII. Igartza Literatura Bekari esker sortutako lana da eta atzo Donostiako Elkar argitaletxearen egoitzan egindako aurkezpenean eman zituen lanaren xehetasunak

Ane Zubeldia Magriñá idazle hondarribiarrak "Datorren udan ez gara hemen biziko" izenburuko liburua aurkeztu zuen atzo. Obra honek 2024an abiatutako bideari amaiera borobila ematen dio, orduan jaso baitzuen idazle gazteak Igartza Literatura Sorkuntzarako Bekaren 27. edizioko saria. Behin proiektua garatu, landu eta ondu ostean, emaitza kalean da dagoeneko.

Galera eta edertasunaren arteko bidaia

"Datorren udan ez gara hemen biziko" sei istorio independentek osatzen duten ipuin-bilduma da. Idazkeran abilezia eta malgutasun handia erakutsiz, Zubeldiak estilo ezberdinak uztartzen ditu liburuan: idazketa klasikotik hasi eta abangoardiazko esperimentuetaraino.

Kontakizun hauetan guztietan, hari komun bat hauteman daiteke: galeraren eta akaberaren kontzientzia. Gai, giro eta garai askotako kontakizunak izan arren, pertsonaiek bizitza labur eta hauskor honi zentzua ematen dioten une magiko eta traszendenteak bizi dituzte.

Sei istorio, sei begirada

Liburuak askotariko paisaiak eta egoerak marrazten ditu sentiberatasun handiz: Donostiatik Burgosko herrixka batera trenez doan mutikoa, aitonaren andrearen hilzoria zaintzera; osaba zenak Katalunia aldeko herri batean egindako harremanak eta artelan efimeroak deskubritzera doan emakumea; garai bati oharkabean agur esaten ari diren lau lehengusina, Zuberoako erreka batean gora; zientzia-fikzioak eta ironiarik popenak soilik arindu dezaketen zama bitala; bikote-harreman baten arrastoak kantu-kapsuletan, edo etorkizun distopiko bateko giza taupaden dardara.

Egileari buruz

Ane Zubeldia Magriñá (Hondarribia, 1994) itzultzailea da ikasketaz eta lanbidez. Testugintzan eta musikan dihardu gehienbat, eta arte-diziplina desberdinetan mugitzen ohituta dago. Mejillon Tigre kolektiboaren sortzaileetako bat izanik, ibilbide oparoa darama sorkuntzaren munduan, eta Igartza Bekarekin lortutako proiektu honek bere ahots propioa sendotu du euskal literaturaren panoraman.