Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kultura

“Irakurri eta hamaika bizitza bizi” irakurketaren balio soziala eta pertsonala azpimarratzeko

2026/03/04

Beasaingo Udalak 2026ko Irakurzaletasun Kanpaina aurkeztu du: adin guztietara zuzendutako egitarau anitz eta parte-hartzailea, euskaraz eta doan

Irakurketa ohitura sustatzea, euskararen erabilera indartzea eta liburutegia kultur topagune bizia bihurtzea dira kanpainaren ardatzak

Harkaitz Cano eta Julen Linazasoro idazleek euren lanak aurkeztuko dituzte; Ana Apikaren ahozko narrazioa eta Iratxe Retolazaren gidaritzapean Irakurle eskola feminista izango dira egitarauan

Beasaingo Udalak 2026ko Irakurzaletasun Kanpaina aurkeztu du gaur udal liburutegian. Aurtengo leloa, “Irakurri eta hamaika bizitza bizi”, irakurketaren balio soziala eta pertsonala azpimarratzeko hautatu da. Kanpainak adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau zabala eta askotarikoa biltzen du, eta irakurzaletasuna sustatzeaz gain, euskararen erabilera indartzea eta udal liburutegia herriko kultur dinamiken erdigune bihurtzea du helburu.

Aurkezpenean, Adur Ugartemendia alkateordeak eta Rebeka Piñeiro udal liburutegiko arduradunak kanpainaren helburuak eta egitarauaren xehetasunak azaldu dituzte.

Irakurketa, komunitatea eta euskararen aldeko apustua

Adur Ugartemendia alkateordeak azpimarratu du kanpaina honek “irakurketaren bidez pertsonak, ideiak eta esperientziak konektatzeko aukera” eskaintzen duela. Bere hitzetan, “irakurtzea ez da jarduera bakartia soilik; komunitatea eraikitzeko eta pentsamendu kritikoa lantzeko tresna indartsua da. Irakurketak jakin-mina pizten du, irudimena lantzen du eta herri gisa aberasten gaitu”.

Halaber, nabarmendu du Udalaren konpromisoa euskarazko kultur eskaintza indartu eta herritar guztiengana iristea dela. “Liburutegia ez dugu soilik mailegu zerbitzu gisa ulertzen; topagune, sormen gune eta hausnarketarako espazio gisa baizik”.

Irakurle taldeak: sendotzea eta hazkundea

Kanpainaren ardatz nagusietako bat irakurle taldeak dira. Rebeka Piñeirok azaldu du azken urteetan egonkortu diren taldeei eutsi ez ezik, eskaintza zabaldu ere egin dela.

Gaur egun lau haur eta gaztetxoentzako talde daude martxan:

  • Bi talde 3-5 urte arteko haurren familientzat.
  • Talde bat 6-8 urte arteko haurren familientzat.
  • 8-12 urteko gazteei zuzendutako komiki-talde bat, irakurketara modu erakargarri eta parte-hartzailean hurbiltzeko.

“Helburua ez da soilik irakurtzea, baizik eta esperientzia partekatua sortzea, familietan eta gazteen artean irakurketarekiko lotura afektiboa indartuz”, azaldu du Piñeirok.

Helduei zuzenduta, ahozko narrazio saio berezi bat ere izango da: Ana Apika-k zuzendutako “Artimañas” saioa.

Egileekin topaketak eta literaturaren diziplinartekotasuna

Literatur topaketek eta liburu aurkezpenek presentzia nabarmena izango dute egitarauan. Martxoaren 23an, Julen Linazasoro-k “Sisifo y las redes sociales” lana aurkeztuko du, Macsonrisas elkartearekin elkarlanean.

Apirilaren 16an, Harkaitz Cano-k 2024ko Euskadi Literatura Saria jaso duen album ilustratua aurkeztuko du: “Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez”. Lan horretan oinarrituta, apirilaren 19an, Ttantaka Teatroa-k izen bereko antzezlana eskainiko du Usurbe antzokian, familia osoarentzat.

“Literaturak beste adierazpen artistikoekin duen lotura indartu nahi izan dugu. Irakurketak oholtza gainean ere bizia hartzen du”, nabarmendu du alkateordeak.

Parte-hartzea eta gizarte konpromisoa

Kanpainak komunitatearen parte-hartzea sustatzen duten ekimenak ere jasotzen ditu. Horien artean daude:

  • “Liburu bat opari” ekimena, non Dorleta Kortazar-k irakurgaiak aukeratzeko irizpideak partekatuko dituen, ondoren herritarren arteko gomendio eta truke saio batekin.
  • Irakurle eskola feminista, Iratxe Retolaza-ren gidaritzapean.
  • Ipuin-kontaketak eta familia-tailerrak.
  • Beasaingo idazlehiaketaren edizio berria.

Apirilaren 23an, Liburuaren Eguna ospatzeko, “Irudizko trena” izeneko tailer interaktiboa egingo da Loinazko San Martin plazan, Irrikazu-ren eskutik.

Data aldaketa

Antolakuntzari dagokionez, martxoaren 17rako aurreikusita zegoen “Zer duzu ezkutuan” haur-liburuaren aurkezpena martxoaren 12ra aurreratu da, greba orokorrerako deialdia dela eta. Ekintza bereziki gomendatzen zaie guraso, irakasle eta hezitzaileei, haurrekin sexualitatea lantzeko baliabide pedagogiko gisa. Edonola ere, haurrak ere ongi etorriak izango dira, aurkezpena familian gozatzeko prestatuta baitago. 

Egitaraua eta parte hartzeko modua

Ekitaldi guztiak doakoak izango dira eta gehienak euskaraz eskainiko dira. Zenbait jardueratan aldez aurretik izena eman beharko da, edukiera mugatua dela eta.

Kanpainaren egitarau osoa udal webgunean agendaren atalean kontsulta daiteke.

Amaitzeko, Adur Ugartemendiak herritar guztiak parte hartzera gonbidatu ditu: “Irakurketak hamaika bizitza bizitzeko aukera ematen digu, baina batez ere, herri gisa bizitzeko aukera. Liburutegia guztiona da; zatozte, parte hartu eta egin dezagun kultur topagune bizi”.

Beasaingo Udalak berretsi du irakurzaletasuna sustatzea epe luzeko inbertsioa dela, hezkuntzan, kulturan eta komunitate kohesioan eragin zuzena duena.