Iazko harrera bikainaren ondoren, zinema, hezkuntza eta ingurumen-kontzientzia uztartzen dituen egitaraua eskainiko du berriro Usurbe antzokian eta Arangoitin
CIMASUB Tour Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak bigarren urtez jarraian egingo du geldialdia Beasainen. Iazko lehen edizioak sortutako ikusmina eta parte-hartze handia kontuan hartuta, ekimenak jarraipena izango du, Udalaren babesarekin eta Goiurp kirol klubarekin elkarlanean, herritarrengana kultura, ezagutza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa hurbiltzeko helburuarekin.
Iazko edizioaren emaitzak eta udalaren helburuak
Beasaingo CIMASUBen lehen edizioak datu oso positiboak utzi zituen. Guztira, 247 lagunek parte hartu zuten zinema-emanaldietan. Halaber, 227 haurrek hartu zuten parte Itsaspeko Txikizikloan, eta 55 lagunek Adinzikloan, Arangoiti egoitzan egindako saioan. Argazki erakusketak ere jende ugari erakarri zuen, bi astez ikusgai egon zen bitartean.
Parte-hartze horrek herritarren interesa agerian utzi zuen, eta Udalaren helburuekin bat egiten du: kultura-eskaintza irisgarria eta kalitatezkoa sustatzea, ingurumenarekiko errespetua indartzea eta adin guztietako publikoari zuzendutako jardueren bidez ozeanoen kontserbazioari buruzko kontzientzia kolektiboa bultzatzea.
Beasaingo CIMASUBen 2. edizioa
Bigarren edizio honetan, CIMASUBek «Egia zure begien aurrean» leloa izango du ardatz. Lelo horrek itsaspeko mundua den bezala erakusteko nahia adierazten du, irudiaren bidez emozioa eta ezagutza uztartuz, eta ozeanoek jasaten dituzten mehatxuen aurrean kontzientzia pizteko helburuarekin.
Itsaspeko zinema-saioak eta urpekaritza-bataiorako zozketa
Usurbe Antzokian 19:00etan eskainiko diren hiru zinema-saioek nazioarteko film labur eta dokumentalen aukeraketa eskainiko dute:
- Urtarrilak 14 – Brontzezko Saioa: itsas biodibertsitatea eta ozeanoen edertasuna ardatz dituzten lanak bilduko dira, Kantauri itsasotik munduko beste itsasoetara egindako bidaia bisualarekin.
- Urtarrilak 21 – Zilarrezko Saioa: edertasuna eta salaketa uztartzen dituzten filmak eskainiko dira, klima-aldaketa, kutsadura, gehiegizko arrantza eta espezie inbaditzaileak bezalako gaiak jorratuz.
- Urtarrilak 28 – Urrezko Saioa: jaialdiko lan saritu eta nabarmenenak bilduko dituen amaiera-emanaldia izango da, itsaspeko zinemaren bikaintasuna eta konpromiso soziala azpimarratuz.
Goiurp kirol klubak aurten berrikuntza moduan, zinema-saio bakoitzean bi pertsonantzako urpeko-bataioa Getarian zozketatuko du bertaratuen artean. Asmoa, urpekaritzan lehen esperientzia izateko aukera eskaintzea da jarduera honekiko lehen gerturatzea errazteko.
Itsaspeko Txikizikloa
Urtarrilaren 14an izango da, 10:00etan Usurbe antzokian. Ikastetxeei zuzendutako Itsaspeko Txikizikloa berriro ere funtsezko ardatza izango da. Aurtengo edizioan, dagoeneko 240 ikaslek baino gehiagok eman dute izena: Alkartasuna Lizeoa (92), La Salle (96) eta Murumendi eskola (56). Jardueraren helburua da haurrei itsas ingurunea ezagutaraztea eta txikitatik kontserbazioarekiko balioak lantzea, zinema hezitzailearen bidez.
Argazki erakusketa
Urtarrilaren 14tik 28ra Usurbe antzokian izango da. Aurtengo argazki erakusketak mundu osoko itsaspeko argazkilari onenen lanak bilduko ditu. Bisitariek itsas espezie paregabeak, arrezife koloretsuak, hondo abisalak eta Kantauri itsasoko irudiak aurkitu ahal izango dituzte, balio artistiko handiko argazkien bidez. Erakusketak ozeanoen edertasuna erakusteaz gain, haien hauskortasunari eta babesaren premiaz hausnartzera gonbidatzen du publikoa.
Itsaspeko Adinzikloa
Urtarrilaren 28an (10:30etik 11:30era) Arangoiti egoitzan egingo den Itsaspeko Adinzikloak itsaspeko zinema adinekoengana hurbilduko du, esperientzia kultural eta emozional partekatua eskainiz. Emanaldi honek itsas hondoek gordetzen dituzten paisaia eta istorioak modu eskuragarrian ezagutzeko aukera emango du.
Bigarren urtez, itsasoari leihoa Beasainen
Bigarren edizio honekin, Beasainek berriro ere itsaspeko zinemaren eta ingurumen-sentsibilizazioaren topagune izatea berretsiko du. CIMASUBek zinema, argazkilaritza eta hezkuntza uztartzen dituen proposamena eskainiko du, adin guztietako publikoari zuzenduta, ozeanoak begien aurrean jarri eta haiek zaintzeko konpromisoa indartzeko.




