Aurten, 34 artelan Usurben eta beste 20 inguru Aterpen izango dira ikusgai, abenduaren 19tik urtarrilaren 23ra bitartean
Aurtengo edizioa berezia izango da, urtarrilaren 24an Aterpe tabernak behin betiko ateak itxiko baititu
Urteroko legez, Goierriko Artisten (Goiart) erakusketa ireki da Usurbe antzokiko erakustokian. Irekiera ekitaldian udal ordezkariak izan dira bertan, Leire Artola eta Mariola Pascual kultura zinegotzia, ekimenari babesa eta laguntza adieraziz. Antolatzaileek aurtengo izaera berezia azpimarratu dute: Aterpe tabernak 38 urtez artearen babesleku gisa egin duen lanagatik omendu egin nahi izan dute. Erakusketa honek eskualdeko sormenaren erakusleiho izaten jarraitzen du.
Erakusketa bi espaziotan banatuta
Aurtengo edizioan, 34 artelan ikusgai egongo dira Usurbe antzokiko erakusgelan, eta, aldi berean, Aterpe tabernan beste 20 artelan inguru jarriko dira erakusgai. Erakusketa abenduaren 19tik urtarrilaren 23ra bitartean egongo da zabalik, bi espazioek artearekiko duten konpromisoa agerian utziz.
Aterpe tabernari omenaldia, 38 urte artearen babesleku izateagatik
Aurtengo erakusketak izaera berezia izango du, Aterpe tabernak urtarrilaren 24an bere ateak itxiko baititu. Txomin Ferreira eta Aurora, bere emaztea, berrogei urtetik gora izan dira artearen “aterpe” hau irekita mantendu dutenak. Izan ere, 38 urtez artista askoren erakustoki izan da Aterpe, askotan musutruk eta euren baliabide propioak erabiliz. Horregatik, aurtengo Goiart erakusketak beraien lana aitortu eta goretsi nahi du.
Memoria bisuala eta itxiera ekitaldi berezia
Usurbe antzokian, artelanez gain, Aterpe tabernaren 38 urteetako irudiak ere ikusgai egongo dira, espazio horretatik igaro diren artista ugarien lekukotza gisa. Irekiera ekitaldian, antolatzaileek ibilbide hori gogorarazi nahi izan dute. Halaber, urtarrilaren 23rako deialdi berezia egin dute, itxiera egunean sorpresaren bat izango baita, Aterpek bere azken egunak bizi dituen bitartean.
Erakusgelaren ordutegia
Usurbe antzokiko erakusgelaren ordutegia honakoa izango da:
- Abenduan: 18:00etatik 20:00etara. Itxita egongo da 20, 24, 25, 26 eta 31n.
- Urtarrilean: 2tik 23ra, ostiraletik asteartera, 18:00etatik 20:00etara. Itxita 5, 6 eta 9an.






