Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kultura

Musikeneko ikasleen emanaldiek hartuko dute Igartzako jauregia larunbatean

2025/11/27

Beasaingo Udalak eta Musikenek kulturaren eta musika-hezkuntza aurreratuaren alde egiten duten apustu sendoa berretsi dute

Doan eta irekian eskainiko diren entzunaldietan 34 hautagien interpretazioak entzungo dira: 17 Gradu mailako ikasleak eta 17 Masterrekoak

Hamargarren edizioa: erreferentzia bihurtutako proiektu baten sendotzea

Igartza Musika Bekak 10. edizioa beteko du aurten, eta Beasaingo Udalak nabarmendu duenez, hamar urteko ibilbide honek erakusten du Musikenerekin izandako lankidetza sendo eta emankorrak benetako ekarpen kulturala egiten diola herriari. Bekaren bidez, herritarrek Musikeneko goi mailako ikasleen interpretazio maila aparta entzuteko aukera dute urtero, kultura balio sendo gisa musikaren transmisioa indartuta. Ekitaldia Musikenerekin sinatutako hitzarmenaren emaitza da, eta helburua argia da: musikari gazteei bultzada ematea eta musikaren kalitatea herritarrengana gerturatzea.

Aurtengo entzunaldiak larunbatean

Igartzako jauregiko patio nagusian egingo da X. edizioa larunbat honetan, azaroaren 29an egun osoan zehar publikoak sarrera librean eta doan gozatu ahal izango du emanaldi labur eta bizietaz.

Ordutegia honakoa izango da: hasiera 9:30ean; goizeko saioa 9:30etik 13:00etara; arratsaldeko saioa 15:00etatik 18:15era; eta sari banaketa 19:00etan. Partaide bakoitzak 10 minutu inguruko emanaldi laburra eskainiko du, entzuleentzako esperientzia dinamikoa sortuz, eta saioen artean libreki sartu-irtena egin ahal izango da.
Aurten, guztira 34 musikari gaztek hartuko dute parte: 17 Master mailako ikasleak eta 17 Gradu mailakoak.

Talentua saritzeko Udalaren konpromisoa

Beasaingo Udalak sortutako beken helburua Musikenen ikasten duten ikasleak babestea eta euren prestakuntzan laguntzea da. Sari ekonomikoak honakoak dira: Gradu Beka, 2.200 euro; eta Master Beka, 3.300 euro. Irabazleek, ohikoa denez, hurrengo urtean Beasainen kontzertu bakar eta berezi bat eskaintzeko konpromisoa hartuko dute. Horrela, udalerrira itzultzen da bekaren emaitza, eta beasaindarrek zuzenean jasotzen dute proiektuaren onura.

Epaimahaia

Hamargarren edizioko epaimahaia honako profesionalek osatuko dute: Olatz Saitua, Joseba Candaudap, Jesús Echeverría eta Garazi Zabaleta. Musikenen eta euskal eszenaren inguruko profesional aditu eta esanguratsu hauek izango dira finalistak eta irabazleak hautatuko dituztenak.

Kulturaz gozatzeko aukera paregabea

Beasaingo Udalak herritar guztiak eta musikazaleak gonbidatzen ditu Igartzara hurbildu eta musikari gazteen talentu gorena bertatik bertara entzutera. Saioak laburrak direnez, edozein unetan sartzea erraza da; gainera, entzuleek interpretarien maila, ahalegina eta musikarako grina gertutik bizitzeko aukera dute. 

Beti bezala, giro hurbila eta atsegina sortuko da, entzule askok bere iritziak eta apustuak egiten baitituzte euren irabazleen inguruan. Musika goi-mailako hezkuntzaren kalitatea Beasainera gerturatzen duen urteko hitzordu berezietako bat izango da.