Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kultura

Beasaingo Irakurle Taldeak jarri ditu ikasturte berrirako lehen hitzorduak

2025/09/30

Euskaraz irakurtzeko ohitura indartu, hausnarketa partekatzeko gune irekia sortu eta euskal literaturaren aniztasuna herritarren eskura jarriko ditu Beasaingo Udal Liburutegiak 

Euskal sortzaileak herritarrengana gerturatuko dira, literaturaz haratago gizarte gaiak, historia eta giza harremanak ere solasaldien erdigune bilakatuz, Aintzane Usandizaga Lopez dinamizatzailearen gidaritzapean

Beasaingo Udal Liburutegiak eta Beasaingo Udalak berriro ere martxan jarri dute herriko Irakurle Taldea. Ikasturte honetan, urritik ekainera bitartean, hilean behin elkartuko dira herritarrak euskaraz idatzitako liburuen inguruan iritziak, hausnarketak eta sentsazioak partekatzeko. Talde honek urteetan herrian izan duen ohiturari jarraipena emango dio, helburu nagusi batekin: euskaraz irakurtzeko ohitura indartzea eta literatura komunitatean gozatzeko espazio eroso eta erakargarria eskaintzea.

Dinamikaren ezaugarriak

Irakurle Taldea astearteetan elkartuko da, arratsaldeko 17:30ean, eta saioek ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute, liburutegiaren ordutegira egokituta. Parte-hartzaileek liburu bat irakurriko dute norbere kabuz eta bere erritmoan, eta ondoren elkartuko dira gainerako irakurleekin esperientzia partekatzeko. Dinamika honi esker, norbanakoaren irakurketa esperientzia komunitatean osatu eta aberasten da, ikuspegi ezberdinak eta hausnarketa berriak sortuz.

Ikasturte honetan ere Aintzane Usandizaga Lopez izango da taldearen gidaria. Berak egingo ditu liburu proposamenak eta solasaldiak dinamizatuko ditu, irakurleen iritziak eta ekarpenak errespetuz eta askatasunez partekatzeko giroa sortuz. Gidariak ez du soilik irakurleen gustuak kontuan hartuko, baizik eta ohikoan irakurlearengana iristen ez diren genero, gai eta egileak ere mahai gainean jarriko ditu, parte-hartzaileak literaturaren aniztasunera hurbilduz. Horrela, irakurketaz harago, elkarrizketa eta pentsamendu kritikoa sustatuko ditu.

Helburuak

Irakurle Taldeak hainbat helburu ditu oinarrian: euskaraz irakurtzeko ohitura sendotzea eta zabaltzea, euskal literatura bere aniztasunean ezagutzea, eta sortzaileekin harreman zuzena izatea. Aldi berean, espazio hau elkarrizketa eta hausnarketa partekatzeko gune ireki bat da, non belaunaldi ezberdinetako herritarrek euskal kulturarekiko interesa parteka dezaketen. Irakurketa ez da jarduera indibidual gisa soilik ulertzen, baizik eta komunitatean bizitzeko eta gozatzeko aukera gisa ere.

Lehen irakurgaiak

Ikasturtearen lehen hiruhilekoan, hiru saio egingo dira, ondorengo liburuekin:

  • Urriak 21: Zebrak eta bideak, Nerea Loiola.
  • Azaroak 18: Hetero, Uxue Alberdi.
  • Abenduak 9: Pleibak, Miren Amuriza (egilearekin batera).

Urtarriletik ekainera bitarteko liburuak abenduan zehaztuko dira, Durangoko Azokako berritasunak eta lehen hilabeteetako irakurleen interesak kontuan hartuta. Era berean, ekaineko saioan memoria historikoari lotutako liburu bat irakurtzeko ohiturari eutsiko zaio.

Sortzaile gonbidatuak

Urtean bi idazle gonbidatuko dira taldean parte hartzera. Abenduan, Miren Amuriza izango da liburutegian, Pleibak liburuaren inguruan irakurleekin solasean. Horri esker, irakurleek aukera izango dute euskal sortzaileekin bertatik bertara hitz egiteko eta literatura modu zuzenean bizitzeko.

Beasaingo Irakurle Taldea urteetako ibilbidean herriko kultur topagune bilakatu da. Ikasturte berri honetan ere Beasaingo Udalak eta Udal Liburutegiak sustatzen duten ekimen honek irakurzaletasuna, euskararen erabilera eta euskal literaturarekiko interesa bultzatzen jarraituko du. Liburua ardatz hartuta, herritarrek aukera izango dute elkarren iritziak ezagutzeko, hausnarketak partekatzeko eta literaturaz haratago gizarteaz, historiaz edo arteaz ere hitz egiteko, begirada eta pentsamendu kritikoa garatuz.

Irakurle Taldean parte hartu nahi duten herritarrek Beasaingo Udal Liburutegian eman dezakete izena, aurrez aurre edo telefono zein posta elektroniko bidez (943 02 80 70 - Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.).

Aintzane Usandizaga irakurle taldea 1

 Aintzane Usandizaga izango da taldearen dinamizatzailea