Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kultura

Saioa Alkaizak lortu du Igartza Literatur Beka “Katuen ileak txandaletan” eleberri proiektuagatik

2025/09/11

Saioa Alkaiza Guallar (Iruñea, 1991) izan da aurtengo Igartza Literatur-sorkuntza Beka irabazi duena. Nafar kazetaria, bertsolaria eta idazlea da. 2020ean eta 2021ean Iruñeko Bertso paper lehiaketa irabazi zuen eta 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Igartzako jauregian burutu den ekitaldian, garaikurra eta 10.000 euroko sariaren erdia jaso ditu idazle gazteentzako Igartza Literatur sorkuntza Bekaren babesle diren Beasaingo Udala, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeko ordezkarien eskutik. 

Olatz Mitxelena, Esti Martinez eta Garazi Kamio epaimahaikideek hala erabakita, iruindarraren “Katu ileak txandaletan” eleberri proiektua izan da saritua. Nahiz eta hainbat poesia lan eta ipuinekin sariak irabazi, hauxe izango da bere lehenengo eleberria. Sariaren irabazlea zela jakitean beldurra sentitu zuela hasieran aitortu badu ere, gerora poza izan da bere sentimendu nagusia. Eleberriaren ardatzean Nahia dago, miseria eta indarkeriak markatutako familia batean hazitako alaba. Bizitza arruntago baten ametsari eutsi nahian, hainbat erronka pertsonali egin beharko die aurre: aitarekiko harreman konplexua, bikotekidearen traizioak utzitako zauria, amatasunerako azken aukerak eta lanaren ezegonkortasuna.

Egileak adierazi du proiektuak gai sakon eta mingarriak ukituko dituela, baina beti ere umorea eta ironia tartekatuz, “errukiaren eta autosuperazioaren inguruko diskurtsoetan erori gabe”. Oraingoz, hamabost-hogei orriko zatia aurkeztu du, eta urtebeteko epea izango du eleberria amaitzeko. Hori dela eta, Alkaizak berak ohartarazi du litekeena dela prozesuan zehar aldaketak egitea.

Euskaraz sortzen duten gazteei aukera eman

Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek 28. edizioa bete du. Igartzako jauregian irabazlearekin batera Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren eta CAFeko euskara arduraduna Bianditz Iraola izan dira. 

Alkateak azpimarratu du Igartza Bekaren helburu nagusia euskaraz sortzen duten gazteei aukera ematea dela, eta Beasaingo Udalak, CAFek eta Elkarrek konpromiso sendoa dutela euskararen eta kulturaren alde. Nabarmendu du beka ez dela soilik diru-laguntza, baizik eta euskal literaturari eta sortzaile gazteen ausardiari aitortza egiten dien ekimena, beren proiektuak liburu bihurtzeko aukera eskainiz. Azkenik, gogorarazi du Beasain euskararen eta kulturaren topaleku izateko borondatea dagoela, eta Igartzako jauregia gaur egun euskal literaturaren erreferente bihurtu dela, gure nortasuna sendotzeko ezinbesteko oinarri gisa.

28. edizio honetara aurkeztutako lanak 16 izan dira, horietatik 6 gipuzkoarrak, 8 bizkaitar eta nafar 2. Generoari dagokionez 9 emakumezkoak dira eta 7 gizonezkoak. 

Ekitaldian ere, Ane Garcia Lopezek, iazko irabazleak, behin bere liburua amaituta, sariari dagokion bigarren zatia jaso du (5.000 euro). Datorren udan ez gara hemen biziko nobela datorren udaberrian aurkeztuko da toki berean. 

Igartza Literatura beka saria Beasaingo Udalak idazle berrien sormena bultzatzeko helburuarekin sortu zuen. Baldintza nagusiak, 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekoetan helduentzako bi liburu baino ez izatea eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea dira.  

Orain arteko sarituak:

PROIEKTUAIGARTZA BEKAURTEAPUBLI. URTEAEGILEA
TUBABU I.ª   1994 Jon Arretxe Perez
CONNEMARA GURE BIHOTZETAN I. beka 1998 2000 Julen Gabiria Lara
EGUN DENAK EZ DIRA BERDIN II.beka 1999 2001 Xabier Etxeberria Garro
KORAPILOAK II. bekaaccesit 1999 2001 Jasone Osoro Igartua
ORTZADARRA SUTAN III.beka 2000 2002 Fernando Morillo Grande
VAN´T HOFFEN ILEA IV.beka 2001 2003 Unai Elorriaga Lopez de Letona
HAN GOITIK ITSASOA IKUSTEN DA V.beka 2002 2004 Julen Gabiria Lara
KARONTE VI.beka 2003 2005 Asel Luzarraga Zarrabeitia
AMAREN ESKUAK VII.beka 2004 2006 Karmele Jaio Eiguren
LILE VII. bekaaccesit 2004 2006 Peru Magdalena Arriaga
AULKI BAT ELURRETAN VIII.beka 2005 2007 Uxue Alberdi Estibaritz
ERO IX.beka 2006 2008 Jon Martin Etxebeste
HABITAT X.beka 2007 2009 Katixa Agirre Miguelez
NORA EZ DAKIZUN HORI X. bekaaccesit 2007 2009 Irati Jimenez Uriarte
KATU JENDEA XI.beka 2008 2010 Eider Rodriguez Martin
MEA CULPA XII.beka 2009 2011 Uxue Apaolaza Larrea
BESTE NORBAITEN ZAPATAK XIII.beka 2010 2012 Garazi Kamio Anduaga
GELTOKIAK EDO HELDUTA ENTZUTEKO ABESTIAK XIV.beka 2011 2013 Goiatz Labandibar Arbelaitz
ERRAIAK XV.beka 2012 2014 Danele Sarriugarte Mochales
EZ TIRO EGIN ANBULANTZIEI XVI.beka 2013 2015 Mikel Ayllon Corral
HAUTS HAIETATIK XVII.beka 2014 2016 Unai Villena Camarero
NOLA HELDU NAIZ NI HONAINO XVIII.beka 2015 2017 Kattalin Miner Perez
ZALDI MAMARROA XIX.beka 2016 2018 Ekaitz Goienetxea Cereceda
BASA XX.beka 2017 2019 Miren Amuriza Plaza
ZENDABALITZ XXI.beka 2018 2020 Erika Elizari Salvador
HERRIAK EZ DU BARKATUKO XXII.beka 2019 2021 Irati Goikoetxea Asurabarrena
EZ ERRAN INORI XXIII.beka 2020 2022 Maddi Ane Txoperena Iribarren
ARRAIN HEZUR BAT EZTARRIAN XXIV.beka 2021 2023 Olatz Mitxelena Larreta
ITZALKIAK EGUZKITAN XXV.beka 2022 2024 Lizar Begoña Madariaga
ILARGI-KUTSADURA XXVI.beka 2023 2025 Irati Irizar Alvarez
DATORREN UDAN EZ GARA HEMEN BIZIKO XXVII. beka 2024   Ane Garcia Lopez
KATU ILEAK TXANDALETAN XXVIII. beka  2025   Saioa Alkaiza Guallar

igartza literatura beka 2025 2