Datorren ikasturterako ikasle berrientzako matrikulazio epea gaurtik maiatzaren 18ra arte egongo da irekita eta musika tresna ezberdinak ezagutzeko aukera izango da Ate irekiak jardunaldiarekin.
Musika Garaia egitarauan, Musika Eskolako ikasleen lau emanaldi, Gurutz Linazasororen hitzaldia, Mikel Urdangarinen kontzertua bertako Orkestrarekin, eta Igartza Musika zikloaren barruan Xarma laukotearen kontzertua biltzen dira
Beasaingo Loinatz Udal Musika Eskolak datorren ikasturterako ikasle berrientzako matrikulazio-epea ireki du. Gaurtik maiatzaren 18ra arte, musikan murgildu eta instrumentu bat jotzen ikasi nahi duten guztiek datorren ikasturterako izena emateko aukera izango dute. Izen ematea Musika Eskolaren webgunetik egin daiteke.
Maiatzari lotuta antolatu diren ekitaldiak, Loinatz Udal Musika Eskola herritarrei hurbiltzea da helburua. Ikastetxea eta irakasleak ezagutzeko, bertan ikasi daitekena ezagutzeko eta musikak dituen eragin onuragarriaz jabetzeko ekitaldiak antolatu dituzte eskolako arduradunek.
Matrikulazio garaiarekin bat, Loinatz Udal Musika Eskolak Ate irekiak jardunaldia antolatu du maiatzean zehar instrumentu ezberdinak ezagutzeko eta honi lotuta Musika garaia egitarauan musika emanaldiak eta kontzertuak antolatu dituzte.
Ate irekiak eskola ezagutzeko
Musika Eskolako ikasturteko ekintza planak formatu, adin edota estilo desberdinetako jarduerak ditu. Bertatik bertara, musika instrumentu ezberdinak ikusi eta entzuteko saioak antolatu dituzte iaz bezala eta gaurtik hasita datozen egunetan, Loinatz Udal Musika Eskolak bere ateak irekiko ditu herritarrek ikusi eta ezagutu ditzaten.
Ate irekietako saioetan, flauta, pianoa, perkusioa, akordeoia, klarinetea, trikitixa eta panderoa, txistua, biolina eta biola, tronpeta eta tronboia, kantua, eta gitarra bezalako instrumentuen saioak ikusteko aukera izango da aldez aurretik jarritako orduetan. Eskuorrian daude orduak zehaztuta.
Gurutz Linazasoro neurologoaren hitzaldia
“Musika garaia” egitaraua irekiz, aurten “Música y cerebro” izenburupean, Gurutz Linazasoro neurologo eta ikertzaileak hitzaldia eskainiko du Igartzako jauregian maiatzaren 7an 18:00etan. Hitzaldian musikak gure burmuinean duen eragina azalduko du.
Maiatzaren 8an: Txikimusik. Musika Eskolako 5-7 urte bitarteko ikasleen emanaldia. Plaza azpian 17:15ean. Musika Eskolako Tailerreko eta Hastapeneko taldeek hainbat abesti aurkeztuko dituzte, era desberdinetan jorratuak, hau da, abestuz eta dantzatuz perkusio txikiko instrumentuen laguntzarekin; tuboak, kanpaiak eta abar.
Egun berean, Erauskin plazan 19:00etan, Musika plazara emanaldia eskainiko da. Bertan, Musika Eskolako Talde handiak izango dira: Banda, Perkusio taldea, Trikitilariak, Koral taldea eta Narama abesbatza.
Maiatzaren 10ean: Mikel Urdangarin eta harizko orkestraren kontzertua. Musikari zornotzarra Eskolako orkestrarekin batera kontzertua eskainiko du La Salle ikastetxearen patioan. Ateak 19:00etan irekiko dira eta kontzertua 19:30ean hasiko da. Edukiera bete arte onartuko da jendea.
Maiatzaren 18an, Igartza Musika zikloari dagokion emanaldia izango da. Xarma laukotearen kontzertua Igartzako jauregian izango da arratsaldeko 19:00etan.
Azkenik eta egitaraua itxiz, maiatzaren 29an, Loinazko San Martin plazan Musika kalean emanaldia izango da arratsaldeko 19:00etan.