Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kirola

Atletismoko lau euskal emakume erreferenteren solasaldia Igartzako jauregian, X. Ordizia Meeting-aren atarian

2026/07/01

Ekitaldia uztailaren 2an izango da, "Emakumearen lekua eta erronkak euskal atletismoan" izenburupean, eta sarrera librea izango du

Mahaingurua Beasaingo Udalak Txindoki Atletismo Taldearekin duen elkarlan estuaren eta nazioarteko Jose Antonio Peña oroimenezko X. Ordizia meeting Atletismo topaketari ematen dion babesaren baitan kokatzen da

Beasaingo Igartzako jauregiak eliteko kirol topaketa bat hartuko du datorren uztailaren 2an, arratsaldeko 19:00etan. "Emakumearen lekua eta erronkak euskal atletismoan" izenburupean, gure kirolaren historian nahiz orainean pisu handia duten lau emakume atleta elkartuko dira solasaldi dinamiko batean. Ekitaldi hau bi egun geroago jokatuko den Jose Antonio Peñaren oroimenezko X. Ordizia Meeting-aren atariko gisa antolatu da, Beasaingo Udalak kirola sustatzeko eta Txindoki Atletismo Taldearekin duen hitzarmena sendotzeko duen konpromisoaren erakusgarri.

Lau belaunaldi eta ikuspegi anitz kirolaren inguruan 

Mahainguruaren helburua emakumeek kirolaren munduan urratutako bidea aztertzea da, ez pistan lortutako garaipenetatik soilik, baita bulegoetako kudeaketatik, hezkuntzatik eta herri-lasterketen errealitatetik ere. Saioak 45 minutuko iraupena izango du eta lau hizlarien profil osagarriak baliatuko ditu hainbat hamarkadatako bilakaera eta nerabezaroan kirola uztera eramaten duten arrazoiak aztertzeko:

  • Amaia Andrés: Beasainen bere bidea hasi zuen korrikalari olinpikoa (Bartzelona 92) , Gipuzkoako Atletismo Federazioko lehen emakumezko presidentea eta gaur egun Espainiako Federazioko Berdintasun eta Aniztasun Batzordeko kidea.
  • Naroa Agirre: Pertika-jauzian historikoki Espainiako atletarik onena, Atenasko Olinpiar Jokoetan diploma lortutakoa (2004) , irakaslea eta telebistan aritutakoa.
  • Itziar Ferran: 80ko eta 90eko hamarkadetako hesi-lasterkari eta heptatleta nagusienetakoa , Atlético San Sebastiángo ikurra eta gaur egun hezkuntza arloan aditua.
  • Sara Villasante: Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) korrikalaria eta gaur egun errepideko distantzia luzeetan (krosak eta 10k) Gipuzkoan den distantzia luzeko lasterkari indartsuenetako bat.

Udalaren eta Txindoki Klubaren arteko elkarlan historikoa

Ekitaldi hau ez da isolatua; Beasaingo Udalak Jose Antonio Peña meeting-ari eskaintzen dion babesgo eta laguntzaren fruitua da. Udalak 2011tik dauka elkarlan hitzarmen sendoa Txindoki Atletismo Taldearekin, eta aliantza horren ondorioz garatzen dira Josetxo Imaz memoriala, federatutako atleta beasaindarren sustapena edota Ordiziako Meeting-eko 1.500 metroko proba nagusiari "Beasain Saria" izena jartzea.

Hitzarmen honen bidez, Beasaingo Udalak Txindoki klubak eskualde mailan atletismoaren alde egiten duen lan bikaina babestu eta aitortu nahi du. Era berean, Jose Antonio Peña meeting-ak estatu eta nazioarte mailako atleta nabarmenen topaleku izaten jarrai dezan, probaren maila, kalitatea eta izen ona handitzeko konpromiso irmoa berresten du Udalak.

Ekitaldia irekia da edonorrentzat lekua bete arte. Antolakuntzatik kirolzaleak, berdintasunaren aldeko eragileak eta, oro har, gizarte berdinzaleago baten aldeko herritarrak parte hartzera gonbidatzen dira, gure kirolaririk handienetako batzuen eskutik hausnartzeko aukera paregabea izango baita.

kartela mahaingurua emakumeak euskal atletismoa