Herri-lasterketa historikoa, parte-hartze zabalarekin eta maila handiko atletismoarekin uztartzen jarraitzen duena de Beasaingoa eta berrikuntzak aurkeztu dituzte antolatzaile eta udal ordezkariek
Izenemateak irekita jarraitzen du abenduaren 29a arte. Lasterketa zuzenean eskainiko da streaming bidez udalaren youtubeko kanaletik eta pantaila erraldoia kokatuko da Erauskin plazan bertatik jarraitzeko emanaldia
Gaur aurkeztu da Beasaingo San Silbestre Krossaren 50. edizioa, herriko kirol egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat. Aurkezpenean izan dira Elena Ruiz Kirol zinegotzia eta Beti Bizi elkarte antolatzailearen ordezkari gisa Maialen Sanchez eta Juan Carlos Anton.
Herri baten nortasuna eta bidea
Elena Ruiz zinegotziak adierazi duenez, 1973az geroztik San Silbestrea ez da soilik lasterketa bat izan, baizik eta Beasaingo nortasunaren parte bihurtu den ekitaldi herrikoia. Urtez urte, familia, lagunak, boluntarioak eta korrikalariak elkartzen dituen egun berezia da, kirola eta herri-giroa uztartzen dituena. 50 edizio hauek lan isilaren, konpromisoaren eta pasioaren emaitza dira, eta zinegotziak eskerrak eman dizkie bereziki Beti Bizi elkarteari, hasierako antolatzaileei eta gaur egun ere lanean jarraitzen duten boluntario guztiei.
Azpimarratu du, halaber, San Silbestreak balio handia duela Beasainentzat: kaleak betetzen dituen jai-giroak, herritarren babesa eta korrikalariei egiten zaien harrera beroak komunitatearen nortasuna indartzen dute. Berdintasuna, osasuna, parte-hartzea eta auzolana dira probak transmititzen dituen balio nagusiak.
Proba beteranoa, herrikoia eta maila handikoa
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, 50. edizio honek ondo islatzen du San Silbestrearen izaera berezia: proba beteranoa eta herrikoia izanik ere, maila handiko atletismoari eusten dio. Aurten ere parte hartuko dute aurreko edizioetan podiumean izan diren korrikalariek, baita beste lasterketa garrantzitsu batzuetan emaitza nabarmenak lortu dituzten eliteko atletek ere.
Une honetan 283 parte-hartzaile daude izena emanda, eta horietatik %25 emakumeak dira, berdintasunaren bidean aurrerapausoak ematen ari direla erakutsiz. Parte-hartzaileen jatorria askotarikoa da, Maroko, Frantzia, Alemania eta Euskal Herritik etorritako korrikalariekin, eta bereziki esanguratsua da 18 eta 24 urte bitarteko gazteen presentzia, guztizkoaren %31 baitira.
Ibilbidea, ordutegia eta antolaketa
Ibilbidea iazko bera izango da, 9.720 metroko distantziarekin. Irteera Bideluze plazan izango da, Kale Nagusiaren hasieran, eguerdiko 12:00etan. Zirkuitu urbanoan itzuli labur bat egin ondoren, hiru itzuli luze egingo dira Barrendain eta Porteria artean, helmuga Nafarroa etorbideko 3. zenbakian kokatuta egonik. Dortsalak egunean bertan jaso ahal izango dira Udaletxean, 9:30etik 11:30era.
Zuzeneko emanaldia eta urteurren bereziko berrikuntzak
Lasterketa zuzenean emango da streaming bidez Udalaren YouTube kanalaren bidez, Erauskin plazako podiumean jarriko den pantaila erraldoian eta udalerriko pantaila informatibo digitaletan ere jarraitu ahal izango da.
50. edizioaren ospakizunarekin bat eginez, parte-hartzaile guztiek edizio honen oroigarrizko kamiseta eta pin-a jasoko dituzte. Horrez gain, opari-zozketak egingo dira, eta lau modalitateetako garaikurrak pertsonalizatuak izango dira, Beasaingo plazako kioskoa irudikatzen duen diseinuarekin; elementu sinboliko hori aurrerantzean ere erabiliko da sari ematean. Lehen 15 sailkatuek diru-sariak jasoko dituzte, eta antolatzaileek bereziki animatu nahi dituzte emakumeak parte-hartzera. Izena emateko epea abenduaren 29an amaituko da, 22:00etan. Udalaren webean eman daiteke izena.
Beasaingo San Silbestrea handien artean
Lasterketa herritarra izan da betidanik, baina antolatzaileek egindako lanaren ondorioz Euskal Herrian ez ezik, estatu mailan sona handia lortzera iritsi da. Urteen poderioz, probak ospea hartu zuen, estatu mailako korrikalarientzat erakargarria izan zelarik. Beasaingo kaleetan zehar, Garin anaiak, Lourdes Gabarain, Camel Ciani, Amaia de Andrés, Andrés Antonio Rodriguez, Antonio Serrano, Natalia Azpiazu, Rossi Talavera, Martín Fiz, Diego García eta goi mailako atletak korrika egin dute. Sariak ere garrantzitsuak izaten hasi ziren. Hogeigarren ediziotik aurrera atzerriko atletak hasi ziren parte hartzen. Gaur egun ohikoa da atleta marokoarrak, kenyarrak, etiopiarrak, eta frantsesak ikustea. 1974az geroztik, San Silbestre beasaindarrak hiru urtetan egin dio huts bere hitzorduari: 1975, 2020 eta 2021an.



