Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Ingurumena

Fundiciones Estandako hondar-beroa Antzizar kiroldegia hornitzeko baliatuko da

2025/10/16

Beasaingo Udalak energia-eredu jasangarriago baten aldeko urrats berritzailea egin du Diputazioko jasangarritasun arloarekin eta Estandarekin elkarlanean

Lankidetza publiko-pribatuaren bidez egindako proiektu aitzindaria da, ingurumenaren eta herritarren ongizatearen zerbitzura

Beasaingo Udalak, Fundiciones Estanda eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin elkarlanean, District Heating publiko-pribatuaren lehen sarea jarri du martxan Gipuzkoan. Proiektu berritzaile honi esker, Fundiciones Estandako labeetan sortutako hondar-beroa aprobetxatuko da Antzizar kiroldegia girotzeko, energia-kontsumoa %60 murriztuz eta urtero 43 tona CO₂ gutxiago isuriz.

Jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua ardatz

Udalaren helburu estrategikoen artean dago energia-eredu jasangarri eta autokontsumoaren aldeko apustua. “Ingurumenaren zaintza eta klima-aldaketari aurre egiteaz gain, energia-kostuak gutxitzea eta udal eraikinen energia-beharrak modu efiziente eta berriztagarrian asetzea nahi dugu,” adierazi du Adur Ugartemendiak, Beasaingo alkateorde eta Lurraldea arloko buruak. “Proiektu hau aitzindaria da Gipuzkoan, eta kolaborazio publiko-pribatuari esker ingurumen, energia, ekonomia eta bide-segurtasun arloetan hobekuntzak ekarri ditu bertan zegoen bidegurutzea biribilgune bihurtzeko balio izan baitigu.”

Aurrezpen ekonomikoa eta eraginkortasun energetikoa

958.811 euroko aurrekontua izan duen proiektua EGEF funtsekin kofinantzatua izan da. Horietatik 573.311 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri ditu, eta 385.500 euro Beasaingo Udalak. Urtero 348 MWh energia berreskuratzea ahalbidetuko du sistemak, udal instalazioen kudeaketa eraginkorragoa eginez eta herritarren ongizatea hobetuz.

Sistemak 504 metroko altzairuzko hodi-sarea dauka, eta astean 115 orduz erabiltzen da labeetako beroa. Energia hori kiroldegiko airearen eta igerilekuen uraren tenperatura mantentzeko erabiltzen da, baita ur bero sanitarioaren zati bat estaltzeko ere.

Eragile guztien arteko lankidetza eredu

Inaugurazioan parte hartu zuten José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatua; Adur Ugartemendia, Beasaingo alkateordea; eta Iñigo Zarauz, Fundiciones Estandako zuzendari nagusia. Guztiek azpimarratu dute lankidetzaren eta berrikuntzaren garrantzia, trantsizio energetikoaren bidean. José Ignacio Asensio diputatuak azpimarratu duenez, “proiektu honekin energia-eredu jasangarri, berde eta deskarbonizatu baterantz aurrera egiten dugu. Baliabideak optimizatzeak, emisioak murrizteak eta Beasaingo herritarren ongizatea hobetzeak erakusten du Gipuzkoa erreferentea dela klima-aldaketaren aurkako borrokan”. Azkenik Iñigo Zarauzek adierazi duenez, “proiektu honetan parte hartzeak aukera ematen digu komunitateari lehen alferrik galtzen zen baliabide energetiko bat eskaintzeko, eta gure ingurumen-konpromisoa sendotzeko.”

Beasain, etorkizun berde eta jasangarri baterantz

Egitasmo hau “Gipuzkoa Energia 2050” eta “Gipuzkoa Klima 2050” estrategien barruan kokatzen da, eta energia berriztagarriago, efizienteago eta karbono gutxiagoko eredurantz urrats garrantzitsua da.

Beasaingo Udalak bere konpromiso sendoa berresten du ekonomia berdearen, jasangarritasunaren eta herritarren bizi-kalitatearen alde, energia-eraginkortasuna eta ingurumen-babesa uztartuz.

district heating aurkez 2