Beasaingo Udalak uztailaren 23an egingo den bigarren jardunaldian parte hartzera dei egiten du, non landare inbaditzaileen erauzketa burutuko den Aranzadi Zientzia Elkarteko botanika saileko adituen laguntzarekin
Uztailaren 16an egitekoa zen Oria ibaiaren garbiketa saioa bertan behera geratu zen parte-hartzerik egon ez zelako. Kezkatuta hartu du Udalak egoera, izan ere, ekimenaren helburua ingurumenarekiko kontzientzia piztea eta herritarren inplikazio aktiboa sustatzea da. Azken urteetan hondakinen presentzia gero eta handiagoa izanik, premiazkoa da elkarrekin jardutea.
Izen-emate epea zabalik egon zen hainbat egunez, baina, hala ere, inork ez zuen izena eman lehen jardunaldirako. Egoera horrek argi utzi du beharrezkoa dela gizartean sentsibilizazio handiagoa lortzea, ingurumenaren zaintzak guztion parte-hartzea eskatzen duelako.
Uztailaren 23an beste saioa
Hori dela eta, udalak dei berezia egiten die herritarrei uztailaren 23an egingo den bigarren jardunaldian parte hartzeko. Egun horretan ibaiertzeko landare espezie inbaditzaileen erauzketa egingo da, Aranzadi Zientzia Elkartearen gidaritzapean. Jardunaldia 18:00etan hasiko da Antzizar polikiroldegian, bertan emango diren azalpenekin, eta ondoren Igartzako ibai eremura joango dira parte-hartzaileak, espezie inbaditzaileak eskuz kentzeko.
Jarduera honek, batetik, ibaien eta ibaiertzen ekosistema leheneratzea du helburu, eta bestetik, tokiko biodibertsitatea babestea. Espezie inbaditzaileak ezabatu eta tokiko landareak berreskuratzeko urrats garrantzitsua izango da. Gainera, udazkenean landare autoktonoak landatuko dira, lortutako aurrerapenari jarraipena emateko.
Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea galdetegi honen bidez.
Beasaingo Udalak gogorarazten du proiektu hau bat datorrela Euskadiko Biodibertsitate Estrategiarekin eta Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiarekin, eta herritarren inplikazioa funtsezkoa dela Beasain jasangarriago bat eraikitzeko bidean.
Ez dezagun aukera galdu! Naturarekin dugun konpromisoa egunero eraikitzen da, eta uztailaren 23a horretarako egun bikaina izan daiteke.



