Skip to main content
Bestelakoak

Eztia eta erlearen mundua iraileko azoka berezian

2017/08/29

Larunbat honetan itzuliko da udako oporren ondotik bertako produktuen azoka berezia eta eztia eta erlearen mundua ezagutzeko aukera izango da. Horretaz gain, haurrei zuzendutako ekimenei dagokionez kandelak egiten ikasteko tailerra egingo da.

Uda garaiko oporraldiaren ondotik, berriro itzuliko da larunbat honetan hileko azoka berezia Beasainera. Udalak baserritarren azoka biziberritzeko konpromisoarekin sortu zuen larunbateko azoka berezia, baserritarren lana balioan jarri eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzeko.

Abuztuan atseden hartu ondoren, irailekoa larunbat honetan hilak 2 egingo da. Protagonista eztia eta erlearen mundua izango dira eta horretarako goizean 11:00etatik aurrera orduero erlezaintza tailerra eskainiko da Gipuzkoako Erlezain Elkartearen eskutik. Erlearen mundua ezagutzeko erakusketa eta azalpen didaktikoak emango dira eta honekin batera, eztia eta gainerako erlauntzako produktuak ezagutu eta dastatzeko aukera eskainiko da. Honetaz gain haurrei zuzendutako atalari dagokionez, kandelak egiteko ikastaroa emango da.

erlea

Orain arte bezala, garaiko produktuak balioan jarriz eta hauen kontsumoa sustatzeko ohiko produktuak saltzen dituzten postuak kokatuko dira Beasaingo plaza azpian eta inguruetan eta azokan erosketak egiten dituztenen artean azokako produktuez osatutako bi saskiren zozketa egingo da.

Udalak bultzatutako egitasmo hau otsailean jarri zen martxan eta azoka bereziaren helburuei dagokienez, nagusienak baserritarren lana balioan jarri, garaiko produktuen kontsumoa areagotu erosleak erakarriz eta ondorioz azokaren iraupena bermatzen jarraitzea dira.

Datorren larunbaterako prestatu den egitaraua, Beasaingo Udalaren web orriko agendan aurkitzen da eguneratua eta hauxe da:

10:00 Garaiko produktuen azokaren hasiera.         .

11:00etatik aurrera oduero erlezaintza tailerra Gipuzkoako Erlezain Elkartearen eskutik. Erlearen mundua ezagutzeko erakusketa eta azalpen didaktikoa. Ezita eta gainerako erlauntzako produktuak eagutu eta dastatzeko aukera. Azokako produktuekin egindako pintxoak, Rubiorena jatetxeko Urki Balerdik eginak.

12:00 eta 13:00an haurrentzako kandelak egiten ikasteko tailerra.

13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean

14:00 Garaiko produktuen azokaren amaiera