Herriko saltokietan erosketak egiten dituzten lehen bezeroei gertaera historikoa segurtasunez ikusteko betaurreko homologatuak banatuko zaizkie
Ekimen honek tokiko saltokien garrantzia azpimarratzen du. Betaurrekoak herriko 5 optika zein optometrista baten aditu-bermea du
Beasaingo Udalak eta Bareak Elkarteak tokiko merkataritza eta abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea uztartu dituzte ekimen berezi batekin. Biak elkarlanean, tokiko merkataritza sustatu, bultzatu eta indartzeko asmoz, datorren abuztuaren 12an gertatuko den eguzki-eklipse historikoa hartu dute aitzakiatzat. Honela bada, ikuskizun natural hau modu seguruan behatzeko betaurreko bereziak banatuko dituzte atxikitako merkataritza establezimenduetan erosketak egiten dituzten lehenengo bezeroen artean.
Ekimen honen helburu nagusia herriko saltokietara bezero berriak erakartzea eta ohiko erosleak fidelizatzea da. Merkataritza txikia ez baita soilik ekonomiaren eragile bat: herri bati bizia, segurtasuna, gertutasuna eta nortasuna ematen dion oinarrizko zutabea da.
Tokiko profesionalen aldeko apustua eta kalitatearen bermea
Erosleen osasuna eta produktuaren kalitatea lehenesteko asmoz, Udalak Beasaingo 5 optikarekin eta optometrista batekin adostu du betaurreko berezi hauen erosketa (Multiópticas, Argi optika, Jauregi optika, Nagusi optika, Imaz optika eta Brain connections optometria). Horrela, herriko sektore honetako profesionalei keinu zuzena egiteaz gain, banatuko den babes-materialaren kalitatea eta berme teknikoa erabat ziurtatzen dira.
Eguzki-eklipse bat modu seguruan behatzeko ezinbestekoa da Nazioarteko ISO 12312-2 araua betetzen duten betaurreko homologatuak erabiltzea, eguzki-erradiazio kaltegarria erabat iragazten dutenak. Ohiko eguzki-betaurrekoek edo etxeko iragazkiek ez dute begi-osasuna babesten; hortaz, ekimen honen bidez herritarrei doan eskainiko zaizkien betaurrekoek segurtasun-baldintza zorrotz guztiak betetzen dituzte.
Parte hartuko duten establezimenduen zerrenda
Betaurrekoen banaketa uztailaren 29an hasiko da eta ondorengo saltoki eta zerbitzuetan erosketa egiterakoan eskuratu ahal izango dira eklipsea ikusteko betaurreko homologatuak (unitateak mugatuak dira eta lehenengo bezeroen artean banatuko dira): Lirain, Kiribilak, Yoana ileapaindegia, Lierni ileapaindegia, Seguros DKV, Goierri kopiak, Mapfre, Osiña, Agirre kirolak, Esnaola burdindegia, Valentina, Innovatek, Mujika txirrinduak, Aseplan aholkularitza, Alzuaran, Truk, Valenciaga, Adda sukaldeak, Arnedoko txokoa, Vitaldent, Goenaga, Afede, Leiker, Mari Jose mertzeria, Otxoa de Alaiza, Cortes jantzidenda. Aurrera ikasketa zentroa, Amets descanso, Laskurain, Nahizu estetika zentroa, Piratas & princesas, Migdala, Kixkur, Olano harategia, Zugan, Arteka, Euskaltel, Itoiz, Enedur, Distrito Fitness Deitu, Alt Graphic´s, Natxo, Neli, Nerea Larrea, Roman, Maiur ileapaindegia, Hankara podologia, Helen ileapaindegia, Peñascal, Txindoki sukaldeak, Esparru, Alzuri, Joxe Telleria, Notaritza, Gaes, Do´s formacion, Eder, Tres sesenta ileapaindegia, Farmabi, Asesoria Hiru, Escala uno cien, Arku, Izadia, Mirentxu liburudenda, Bereziartu, Sagastume, Siboney, Otea, Antonio Elosegi saneamientos, Xalo, Elgi, Ouka, Zuha, Kaxola, Azurmendi harategia, La Perla, Xior, Mirari mertzeria, Maiur manikura zerbitzua.
Beasaingo Udalak eta Bareak Elkarteak herritar zein bisitari guztiak gonbidatzen dituzte tokiko saltokietan erostera, herria bizirik mantentzeko eta bide batez, abuztuaren 12ko gertaera astronomiko paregabe honetaz modu seguruan gozatzeko.



