Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Aniztasuna defendatu eta gune publiko seguruak bermatzeko konpromisoa ekainaren 28an

2026/06/26

Udaleko talde politiko guztiek adierazpen instituzional bateratua kaleratu dute LGTBIQA+ kolektiboaren eskubideen alde egiteko eta gorroto-delituak gaitzesteko

Beasaingo Udaleko talde politiko guztiek adierazpen instituzional bateratua argitaratu dute, ekainak 28, LGTBIQA+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta. Adierazpen honen bidez, udal-hautetsiek sexu-aniztasunean oinarritutako bizikidetzaren aldeko apustua berritu dute, herri irekiagoa, errespetuzkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko helburuarekin. Era berean, azkenaldian indartu diren eta lortutako eskubideak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen aurrean kezkati agertu dira.

Eskubideen defentsa eta aniztasunaren aitortza kaleetan

Beste urte batez, LGTBIQA+ mugimenduaren borrokari esker lortutako eskubideak aldarrikatuko dituzte. Udalak gogorarazi du Harrotasun Eguna, koloreez haratago, ospakizunerako, memoriarako eta hausnarketarako funtsezko hitzordua dela.

Nolanahi ere, dokumentuak argi uzten du aurrerapausoak eman diren arren, kolektiboko kide guztiek ez dutela egoera bera bizi. Izan ere, diskriminazio-arriskuak modu desberdinean eragiten die pertsonei, haien sexu-orientazioa, jatorria, adina edota ingurune sozioekonomikoa bezalako faktoreak gurutzatzen direnean. Faktore horiek ahultasun-egoera espezifikoak sortzen dituzte, eta horregatik da ezinbestekoa erakundeen erantzun sendoa.

Konpromiso zehatzak

Gaur egun diskurtso atzerakoiek kalean eragin zuzena dutela eta espazio batzuk LGTBIQA+ pertsonentzat seguruak ez direla ikusita , Beasaingo Udalak irmoki gaitzetsi ditu kolektiboaren aurkako diskriminazio eta gorroto-delitu guztiak. Udalaren hitzetan, kaleek, ikastetxeek eta kultur guneak berdintasunean parte hartzeko lekuak izan behar dute , aniztasuna ez baita mehatxu bat, denon ondarea baizik.

Hitzetatik ekintzetara igarotzeko, Beasainek konpromiso zehatzak hartu ditu adierazpen honen bidez:

  • Sexu-aniztasuna babestea eta gune publiko seguruak bermatzea.
  • Jabetze Eskolan prestakuntza eta eztabaida-jarduerak bultzatzea.
  • Eskubide eta aukera berdintasunaren aldeko lanean jarraitzea.

Beasaingo Udaleko alderdi guztiek adostutako testu osoa irakurtzeko, egin klik esteka honetan.