Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Gidabaimena lortzeko azterketa euskaraz egiteagatik udal laguntzez gain ziklomotor elektrikoren zozketan parte hartzeko aukera

2026/06/24

Orain arteko 150 euro arteko udal-dirulaguntzari, "Gidabaimenak Euskaraz" egitasmoaren baitan bi ziklomotor elektrikoren zozketan parte hartzeko ekimen berria gehitu zaio gidabaimena lortzeko azterketa teorikoa euskaraz egiten dutenei

Beasaingo Udalak, euskararen sustapenarekin duen konpromisoari jarraituz, herritarrak gidabaimena euskaraz ateratzera animatzeko eskaintza zabaldu du. Orain arte indarrean dagoen 150 euro arteko dirulaguntzari, "Gidabaimenak Euskaraz" egitasmoak bultzatutako ekimen berri bat atxiki zaio: bi ziklomotor elektrikoen zozketa. Zozketa, 2026an, Euskal Autonomia Erkidegoan azterketa euskaraz egiten duten guztien artean egingo da. Helburua argia da, herriko gero eta ikasle gehiagok gidabaimena lortzeko azterketa teorikoa euskaraz prestatzeko bidea aukeratzea.

Udalaren helburu nagusia arlo honetan euskararen erabilera indartzea eta herritarrei benetako aukera eguneratuak eskaintzea da. Horregatik, herriko hiru autoeskoletan gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa gainditzen duten ikasleek, gehienez 150 euroko dirulaguntza jasotzeko aukera izaten jarraituko dute. Informazio osoa udalaren webgunean eskuragarri dago.

Orain, abantaila ekonomiko horri pizgarri berri bat gehitzen zaio: bi ziklomotor elektrikoen zozketan parte hartzeko aukera. Zozketa honetan sartzeko, hautatutako pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Adina: 15 urtetik gora izatea.
  • Epea: 2026ko urtarriletik abenduaren 3ra bitartean parte hartzea.
  • Hizkuntza: Gidabaimenaren azterketa eta prestakuntza teorikoa euskaraz egitea.

Zozketaren unean azterketa euskaraz egin dela egiaztatzeko ziurtagiria eskatuko da. Hala ere, baldintza hori une horretan bete ezean, parte-hartzaileek 3 hilabeteko epea izango dute zozketaren ondoren egiaztapena aurkezteko.

Gaur egun, herriko autoeskoletan material eta baliabide eguneratuak daude euskaraz ikasi ahal izateko. Udalak herritar guztiak deitzen ditu aukera honetaz baliatzera eta izen-ematea esteka honen bidez egitera.