Ikasleek eta herriko saltokiek elkarlanean garatutako webguneak emateko diploma banaketa ekitaldia egin da udaletxean
Leire Artola alkateak ekimenaren balio bikoitza azpimarratu du: herriko ekonomia indartzea eta belaunaldien arteko kohesio soziala sendotzea, euskara trantsizio digitalaren ardatz hartuta
Beasaingo Udalak amaiera bikaina eman dio GANDIK proiektuaren lehen fase pilotuari. Ikasturtean zehar herriko gazteen eta tokiko merkataritzaren arteko zubiak eraiki dituen ekimen digital honek bere herri-aitortza jaso du udaletxeko batzar aretoan egindako diploma banaketa ekitaldian. Proiektuari esker, herriko hiru ikastetxetako ikasleek digitalizazio planak eta webgune profesionalak garatu dituzte Beasaingo hamaika saltokirentzat, betiere Udalaren helburu estrategikoekin bat eginez: tokiko ekonomia biziberritzea, gazteak herriko errealitatera hurbiltzea eta euskararen presentzia ingurune digitalean bermatzea.
Ekitaldian parte hartu dute Leire Artola Beasaingo alkateak, Izaskun Gomez Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak, eta Javier Waliño PUNTUEUS Fundazioko zuzendari nagusiak, proiektuan inplikatu diren ikasle, irakasle eta merkatariekin batera.
Merkataritza txikia eta herri-kohesioa indartzea
Beasaingo Udalarentzat lehentasunezko ardatza da tokiko merkataritza babestea, herriaren bihotza eta bizigarria baita. PUNTUEUSek hasieran egindako azterketak agerian utzi zuen Beasaingo saltokien bi herenek oraindik ez zutela interneten presentzia errealik (%27k bakarrik zuen webgune aktiboa). Erronka horri erantzuteko, Udalak norabide estrategiko baten alde egin zuen: digitalizazio tresnak herriko gazteen talentuarekin eta konpromisoarekin lotzea.
Leire Artola alkateak proiektuak herriarentzat duen garrantzia nabarmendu du itxiera ekitaldian: “GANDIK proiektuak bat egiten du Beasaingo Udalaren konpromiso nagusiekin. Tokiko merkataritza indartzeak gure komunitatearen kohesioa eta herri izaera sendotzen ditu. Lankidetza honek balio bikoitza izan du: batetik, gure saltokiek lehiakortasuna irabazi dute ingurune digitalean; bestetik, gure gazteak gertuko ekonomiaren errealitatera hurbildu dira, etorkizunaren eraikuntzan parte aktibo bihurtuz. Belaunaldien arteko zubi eta lankidetza benetakoa sortu dugu, Beasain solidarioago eta prestatuago baten mesedetan.”
Izaskun Gomez Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak ere ekimenaren garrantzia eta eragina nabarmendu ditu: “Tokiko merkataritzan erosteak eragin zuzen eta positiboa du gure bizitzan eta ingurunearen jasangarritasunean. GANDIK proiektuari esker, DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleek saltokien ingurune digitala hobetzeaz gain, euskal merkataritzara gerturatu eta ezagutaraztea lortu da. Honelako ekimenek tokiko merkataritzaren digitalizazioarekin eta gazteen gaitasun digitalekin dugun konpromisoa indartzen dute, saltokien irudia sendoagoa eginez.”
Ikastetxeen eta saltokien arteko elkarlan erreal eta praktikoa
Proiektuaren bihotza herriko DBH eta Batxilergoko ikasleen eta merkatarien arteko harreman zuzena izan da. Ikasleek, beren irakasleen gidaritzapean eta PUNTUEUSen laguntza teknikoarekin, saltokiak bisitatu dituzte, haien beharrak ezagutu eta neurrira egindako webguneak diseinatu dituzte. Gainera, merkatariak trebatu dituzte gune hauek modu autonomoan kudeatu ditzaten.
Fase pilotu honetan parte hartu duten ikastetxeak eta merkataritza-bikoteak honako hauek izan dira:
-
Beasaingo Institutu Publikoa (BIP): Productos Transilvania, Detalles Magicos eta Taj Mahal jatetxea saltokien digitalizazioa bideratu du.
-
La Salle Beasain: Kixkur ileapaindegia, Arnedoko Txokoa, Karolur (Ogi Berri Beasain) eta Neli jantzi denda negoziokin egin du lan.
-
Andramendi Beasaingo Ikastola: Otxoa de Alaiza ileapaindegia, Farmabi parafarmazia, Labores Otea eta La Krenguta saltokietarako webguneak garatu ditu.
Udalak bereziki eskertu du merkatarien aldetik gazteengan jarritako konfiantza eta ikasleek erakutsitako profesionaltasuna.
Euskara eraldaketa digitalaren erdigunean
Beasaingo Udalarentzat ezinbesteko baldintza zen eraldaketa digital honek herriko hizkuntza-gaitasunekin bat egitea. Hori dela eta, GANDIKen bidez sortutako webgune guztiak gutxienez euskaraz garatu dira, gure nortasuna sarean txertatuz eta transmisio-sokaren jarraipena bermatuz. Helburu hori lortzeko, PUNTUEUS Fundazioak zerbitzari doakoak, urtebetez . EUS domeinu doakoak eta etengabeko aholkularitza teknikoa eskaini dizkie saltokiei, tresna digitalen ezarpen egokia bermatzeko.
Etorkizuneko proiekzioa
Beasain, Portugaleterekin batera, GANDIK proiektuaren lehen fase pilotuaren erreferente nagusia izan da. Herrian lortutako emaitza bikainek bidea erakutsi diote ekimenari; izan ere, datozen ikasturteetan proiektua Euskal Herriko beste udalerritara zabalduko da.
Gaur banatutako diplomak ez dira lan baten amaiera, Beasain modernoago, konektatuago, euskaldunago eta belaunaldi arteko lotura sendoagoak dituena eraikitzen jarraitzeko abiapuntua baizik.



