Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Aisialdiko begirale ikastaroan izena emateko epea ireki da

2026/06/10

Beasaingo Udalak, euskara eta gazte enplegua sustatzeko helburuarekin titulazio ofiziala lortzeko formazioa antolatu du

Aurreko urteetako arrakasta ikusita, Udalak berriro antolatu du formakuntza Hezten elkartearekin lankidetzan, herritik mugitu gabe titulazio homologatua lortzeko aukera eskainiz

Beasaindarrek matrikularen %50eko hobari ekonomikoa izango dute, eta ikastaroak urriaren 3an hasi eta datorren urteko maiatzaren 29an amaituko du zati teorikoa

Beasaingo Udalak, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko eta lan-merkaturako bidea errazteko konpromisoari jarraituz, aisialdirako begirale titulu ofiziala lortzeko ikastaroaren edizio berria jarri du martxan. Aurreko urteetan izandako arrakasta handiaren ondoren, ekimen honek Hezten elkartearen lankidetza eta esperientzia izango ditu berriro ere.

Ikastaro honen helburu nagusia bikoitza da: batetik, aisialdi hezitzailearen eremuan euskararen ezagutza eta erabilera zabaltzea; eta, bestetik, gazteei kalitatezko enplegu ordaindua lortzeko baliabide zehatz bat jartzea eskuartean, Eusko Jaurlaritzak homologatutako “Haur eta Gazteen Aisialdirako Begiralea” titulazio ofizialaren bitartez.

Etxetik gertu eta abantaila ekonomikoekin

Udalak formakuntza honetarako sarbidea erraztu nahi du, eta horregatik Beasainen bertan burutuko da osorik. Horri esker, herriko gazteek etxetik mugitu gabe eta desplazamendu handirik gabe ikasteko aukera izango dute. ikastaroan izena emateko aukera edonori irekia da, beasaindarra izan edo ez. 

Gainera, beasaindarrentzat laguntza ekonomiko nabarmena mantenduko da: herrian erroldatutako pertsonek matrikularen erdia soilik ordainduko dute. Horrela, kostu orokorra 505 eurokoa bada ere (matrikula eta aterpetxeko asteburuak barne), beasaindarrentzako azken prezioa 252,5 eurokoa izango da.

Formakuntzaren ezaugarriak eta edukiak

Ikastaroa urriaren 3an hasiko da eta datorren urteko maiatzaren 29an amaituko da. Guztira, ezinbesteko hiru zati izango ditu titulu ofiziala eskuratzeko:

  • 150 ordu teoriko: Astialdiko soziologia, pedagogia, psikologia, hezkidetza, ingurugiroa, soziolinguistika, heziketa behar bereziak, adierazpena, musika, jolasak, tailerrak eta lehen sorospenak landuko dira, baita udako egitasmoak eta astialdiko ekipamenduak ere.

  • 160 ordu praktiko: Ikasitakoa zuzenean eremu errealean aplikatzeko.

  • Praktikaldiaren osteko lana (memoria): Prozesu osoaren azterketa eta balorazioa biltzeko.

Goi-mailako irakaslego aditua

Eskolak emateaz arduratuko den taldea aisialdiko begirale edo zuzendari tituludunek eta eremu honetan eskarmentu handia duten profesionalek osatuko dute. Irakasle guztiak dagokien gaian lizentziatuak edo diplomatuak dira (Soziologoak, Psikologoak, Pedagogoak, Psikopedagogoak, Gizarte Hezitzaileak, Biologoak, Geologoak...) eta, jakina, EGA edo C1 hizkuntza-eskakizunaren jabe dira, eskolak euskaraz berme osoz emateko.

Izena emateko baldintzak

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  1. 18 urte beteta edukitzea 2027ko abenduaren 31rako.
  2. DBHko titulazioa izatea.
  3. Euskara maila altua izatea (C1): Klaseak jarraitzeko, ahoz zein idatziz egoki komunikatzeko eta amaierako memoria euskaraz entregatu ahal izateko.

Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko. Argibide gehiago nahi izanez gero edo matrikulazioa zuzenean egiteko, klikatu ondorengo loturan.

Plaza mugatuak: Ikastaroaren kalitatea bermatzeko, taldeak neurrikoak izango dira eta izen-emate ordenaren arabera beteko dira (lehentasuna beasaindarrek izango dute). 

Harremanetarako bidea: Zalantzak argitzeko Udaleko Euskara sailera jo daiteke (Telefonoa: 943 028065 Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. ).

Kartela Beasain