Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Dolarea parkeko ur-jolasak zabalik eta Antzizarreko kanpoko igerilekuak ekainaren 15ean

2026/06/05

Eguraldi beroarekin batera, udako zerbitzuak abian jartzeko dena prest du Beasaingo Udalak. Herritarrek gaur irekiko diren Dolarea parkeko ur-jolasekin freskatzeko aukera izango dute lehenik. Ondoren, ekainaren 15ean, Antzizar kiroldegiko kanpoko igerilekuak eta bibliopiszina zerbitzua zabalduko dira.

Ur-jolas jasangarriak eta irisgarriak Dolarea parkean

Dolarea parkeko ur-jolasak urrira arte egongo dira erabilgarri, betiere eguraldiaren arabera. Gune honek goizeko 9:00etatik gaueko 21:00etara funtzionatuko du. Beroari aurre egiteko txoko paregabea izateaz gain, ingurumenarekiko konpromiso sendoa du azpiegitura honek:

  • Uraren kontsumo arduratsua: Jokoak zirkuitu itxi batean dabiltza; ura berrerabili eta iragazi egiten da, milaka litro alferrik galtzea ekidinez. Gainera, hornidura zabalik egon arren, jolasak eskuz aktibatu behar dira martxan jartzeko.
  • Osasun eta segurtasun bermea: Osasun-arauak zorrotz betetzen direla ziurtatzeko, egunean bi analisi egiten dira eta hilean behin laborategiko azterketa berezia. Mantentze-lanak astean bitan egingo dira, eta emaitzak erabiltzaileen eskura egongo dira ikusgai.

Udazkena iristean jolasak kendu egiten dira , eta parkea eremu balioanitza bihurtzen da berriro, haurrek modu seguruan kirola egiteko eta kultur ekitaldiak antolatzeko. Guneak komun publikoa eta jolas egokituak ditu herritar guztien erosotasuna bermatzeko.

Antzizarreko udako igerilekuak eta bibliopiszina

Kanpoko igerilekuak ekainaren 15etik irailaren 15era egongo dira zabalik , eguraldiak laguntzen duen egun guztietan. Ohiko zerbitzu guztiak egongo dira prest: taberna, itzalkiak, dutxak eta aldagelak. Nahi duten herritarrentzat udako abonua ateratzeko aukera zabalik dago dagoeneko.

Igerilekuen ordutegia:

  • Astelehenetik ostiralera: 11:30etik 20:30era.
  • Asteburuetan eta abuztuan: 11:30etik 20:00etara.

Bibliopiszina zerbitzua

Igerilekuekin batera, liburu eta aldizkarien mailegu zerbitzua ere abian jarriko da. Egunero egongo da zabalik 11:30etik 20:00etara , eta irakurmateriala 19:45erako itzuli beharko da etxolara. Zerbitzuaren erabilera egokia bermatzeko honako arau hauek gogorarazten dira:

  • Etxola materiala hartu eta uzteko besterik ez da, ez bertan geratzeko.
  • Erabiltzaile bakoitza da hartutako materialaren arduradun.
  • 6 urtetik beherako haurrek heldu baten laguntzarekin erabili beharko dute zerbitzua.

Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu instalazio hauetaz gozatzera, betiere ingurunea eta materiala errespetatuz eta zainduz.