Udalaren helburua herritarrekin batera espazio inklusibo, irisgarri eta kultura-anitzeko topagunea diseinatzea da. Iritzi bilketarako galdetegia jarri du martxan eta bi tailer antolatu ditu ekainerako
Proiektuak Kale Nagusia eta Esteban Lasa lotuko dituen igogailu berri bat eraikitzea aurreikusten du
Beasaingo Udalak mugarri berri bat jarri du martxan herriko hirigintza inklusiboaren bidean: Maria Arana Gaiztarro parkea eta bere ingurunea eraberritzeko hausnarketa prozesu partekatua. Proiektu honen bidez, gaur egun degradatuta dagoen eremuari bizia itzuli nahi zaio, beasaindarren egungo beharretara egokituz eta herritarren inplikazio zuzena bermatuz.
Igogailu berria irisgarritasuna hobetzeko
Maria Arana Gaiztarrok bere garaian herriari emandako lorategi-eremu hau Beasaingo bihotz berdea izan da hamarkadetan zehar. Orain, eraberritzearen atarian, Udalak herritarrekin batera landu nahi du espazio berriaren azterketa. Horretarako, diseinua ez da soilik teknikoa izango; inklusioa, irisgarritasuna eta berdintasuna bezalako balioak proiektuaren oinarrian egongo dira.
Berrikuntza nagusietako bat igogailu berria eraikitzea izango da. Elementu honek Kale Nagusia eta Esteban Lasa lotuko ditu, auzoaren irisgarritasuna hobetzeko funtsezko pieza bihurtuz.
Parkea guztion artean irudikatzea
Esku-hartze hau aurrera eramateko, Udalak Aztiker enpresaren laguntza izango du prozesua gidatzeko. Lan-metodologiak lau fase nagusi ditu: udal barneko lanketa, herritarren iritziak jasotzeko galdetegia, ekainean egingo diren kosorkuntza tailerrak eta, azkenik, ondorioen bilketa.
Prozesu honek bereziki azpimarratu nahi ditu:
- Kultura-aniztasuna: Jatorri ezberdinetako herritarrak elkarreragiteko gune komunak sortzea.
- Haurrak eta gazteak: Partaidetzaren kultura sustatzea heziketa eta pedagogia dimentsioaren bidez.
- Hurbiltasuna: Ohiko partaidetza guneetatik urrun egon ohi diren kolektiboak proiektura erakartzea.
Galdetegia eta ekaineko tailerrak
Udalak garrantzi berezia eman nahi die ekainean egingo diren kosorkuntza saioei. Tailer hauetan, herritarrek, elkarteek eta udal ordezkariek mahai gainean jarriko dituzte parke berriaren xehetasunak.
"Beasaindarrek ekarpenak egiteko aukera dutela sentitzea nahi dugu; proiektua beraiek definitu behar dute, euren beharretara egokitu dadin", adierazi dute udal iturriek. Tailerrak ekainaren 10ean eta 11an egingo dira, parkean bertan (eguraldi onarekin) 18:00etan.
Bestalde, diagnosi fasea irekita dagoen une honetan, herritar desberdinei elkarrizketak egin bazaizkie ere iritzi bilketa bat egiteko galdetegia plazaratu da. Edonork bete dezake esteka honetan aurkitzen den galdetegia. Udalarentzat zeharo garrantzitsua da herritarren parte hartzea eta iritzia jakitea.



