Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Pantaila erraldoia jarriko du Udalak Errege Kopako finala elkarrekin bizitzeko

2026/04/15

Leire Artola alkateak eta Kepa Lasa Beasain KEko presidenteak futbol partida ikusteko ekitaldian "festa giroan eta gizalegez" parte hartzeko deia egin diete herritarrei

Ekimenak Realak herrian duen erroa eta Aritz Elustondo eta Beñat Turrientes beasaindarren presentzia ohoratzea du helburu

Datorren larunbatean, apirilaren 18an 21:00etan, Sevillako La Cartuja estadioan jokatuko den Errege Kopako final handia modu berezian biziko da Beasainen. Leire Artola alkateak eta Kepa Lasa Beasain Kirol Elkarteko presidenteak agerraldia egin dute gaur goizean Loinatz udal futbol zelaian, Realak eta Atletico de Madrilek jokatuko duten norgehiagoka zuzenean jarraitzeko Udalak instalatuko duen pantaila erraldoiaren xehetasunak emateko.

Komunitatea josteko eta gureak babesteko apustua

Aste honetan hartutako erabakia izan den arren, alkateak azpimarratu du Udalarentzat "ahaleginak merezi zuela". Artolaren hitzetan, erabakia ez da soilik kirol hutsari lotutakoa, baizik eta herri-kohesioari erantzuten dion ekimena: "Hainbat herritarrek egindako eskaerari eta herrian sumatzen den ilusioari erantzun nahi izan diogu. Realak Gipuzkoan eta, bereziki, Beasainen duen errotasuna ukaezina da. Pantaila hau jartzea ez da soilik futbol partida bat ikusteko gune bat eskaintzea; beasaindarrak elkartzeko, emozioak partekatzeko eta gure nortasuna kolektiboki indartzeko espazio bat sortzea da."

Alkateak, gainera, balio berezia eman dio lehen taldean bi beasaindar egoteari: Aritz Elustondo, taldeko kapitain eta erreferentea, eta Beñat Turrientes, etorkizuneko harribitxia. "Aritz eta Beñat gure gazteentzako ispilu dira; haiek La Cartujan egotea Beasain osoa han egotea bezala da", gaineratu du.

Futbolaren erroak Beasainen

Kepa Lasa Beasain Kirol Elkarteko presidenteak bat egin du Udalaren ekimenarekin. Kluba eta Udala eskutik helduta joan dira ekimen hau gauzatzeko orduan, herrian futbolak duen indarra eta zaletasuna erakutsiz.

"Beasain KEtik bat egiten dugu dei honekin. Guretzat ohorea da herriko taldeak eta Udalak bide bera egitea gure jokalari ohien eta bihotzeko taldearen arrakasta ospatzeko. Elkarrekin egoteak indartsuago egiten gaitu, eta Bideluze plaza futbolaren eta elkarbizitzaren gune bilakatzea da gure nahia. Batez ere Realarekin gaudela adierazteko honelako final handi batean."

Kokapena

Partida 21:00etan hasiko da, baina giroa lehenagotik berotzen hastea espero da. Horretarako txaranga batek herria zeharkatuko du Igartzatik Bideluzeraino 18:30ean hasi eta partidua hasi bitartean kaleak musikaz girotuz herritarrak pantaila erraldoira erakarriz. Hauek dira xehetasun nagusiak:

  • Lekua: Pantaila erraldoia Bideluze plazan kokatuko da.
  • Euria egingo balu, ekitaldia Gernika pasealekuko frontoi txikira lekualdatuko litzateke, herritarren erosotasuna bermatzeko.
  • Segurtasuna eta gizalegea: Udalak eta Beasain KE-k dei berezia egin dute hitzordua "gizalegez, errespetuz eta era positiboan" gozatzeko, beasaindarrek jai giroan duen portaera eredugarria berretsiz.

Emozioa elkarrekin partekatu

Udalak eta Beasain KE-k pantaila erraldoiaren aldeko apustua egin dute, etxeko erosotasuna gainditzen duen esperientzia eskaintzeko. Kalitate handiko irudien ikusgarritasunak jokoaren xehetasun bakoitza handitzen du, eta soinu-sistema indartsuak La Cartujako giroa Bideluzera ekarriko duen atmosfera harrigarria sortuko du. Baina bereziki, bakarka ikusi beharrean emozioak partekatzeak herri-kidegoaren sentsazioa sendotzen du. Pantaila erraldoiari esker, emozioak kolektiboki biderkatzen dira, ekimenak belaunaldi ezberdinak batzen ditu, gure bi jokalariak babesteko gune seguru eta doakoa eskainiz.

Leire Artolak eta Kepa Lasak dei egiten diete beasaindar guztiei elastikoak jantzi, bufandak hartu eta Bideluzera gerturatzeko: "Garaipena handia bada, elkarrekin ospatuta ahaztezina izango da".