Nola izan nahi dugu zainduak etorkizunean? “Hitz egin dezagun gure zaintzaz” programak zaintzaren prebentzioa, autonomia pertsonala eta erabaki informatuak sustatzea du helburu
Saioak doakoak izango dira eta herritar guztiei irekita egongo dira
Beasaingo Udalak, Gizarte Ongizate departamentuaren bidez, zaintzaren inguruko hitzaldi ziklo berria antolatu du “Hitz egin dezagun gure zaintzaz” izenburupean. Ekimen honen helburua herritarrei etorkizuneko zaintzak aurreikusten laguntzea, informazioa eskaintzea eta erabakiak modu kontzientean eta partekatuan hartzeko tresnak ematea da. Pertsona askok badakite gai horietan pentsatu beharko luketela, baina uzten doaz edo ez dute horretarako momentua aurkitzen.
Udal politikaren ardatz estrategikoetako bat
Biztanleriaren zahartzea, mendekotasun egoeren hazkundea eta familia-ereduen eraldaketa direla eta, zaintzak gero eta presentzia handiagoa dute gizartean eta, ondorioz, tokiko administrazioen jardunean ere. Testuinguru horretan, Beasaingo Udalak uste du ezinbestekoa dela zaintzak ikuspegi prebentibotik lantzea eta herritarrei informazioa, hausnarketarako espazioak eta tresna praktikoak eskaintzea. Udal gobernuaren iritziz, zaintzen inguruan garaiz hitz egiteak eta erabakiak aurrez planifikatzeak ziurgabetasuna murrizten du, familia-gatazkak prebenitzen laguntzen du eta komunitate sendoagoa eraikitzen laguntzen du. Praktikan, zainketei buruzko erabaki asko larrialdietan hartzen dira, aurrez hitz egiterik izan gabe. Ziklo honek, hain zuzen ere, egoera horiei aurrea hartzea bilatzen du.
Hitzaldi ziklo honen bidez, udalaren helburua da herritarren autonomia pertsonala indartzea, etorkizunari begira erabaki informatuak hartzea erraztea eta zaintzen inguruan erantzukidetasunean oinarritutako kultura komunitarioa sustatzea. Aldi berean, udal zerbitzuen jasangarritasunarekin lotutako ikuspegia ere lantzen da, aurretiazko plangintzak esku-hartze berantiarrak eta babesgabetasun egoerak saihesten laguntzen duelako.
Prebentzioa eta aurreikuspena ardatz dituen programa
“Hitz egin dezagun gure zaintzaz” programa saio praktiko eta parte-hartzaileen bidez garatzen da. Helburua ez da erabakiak hartzea behartzea, inguru hurbilean zainketei buruz pentsatzen hasteko, zalantzak argitzeko eta elkarrizketak irekitzeko espazio bat eskaintzea baizik.
Hitzaldiak bi hizkuntzatan
Zikloa euskaraz eta gazteleraz eskainiko da. Eduki berak landuko dira bi kasuetan, baina saioak data desberdinetan egingo dira, herritar guztien parte-hartzea errazteko.
Egitaraua (euskaraz)
Saio guztiak Udaletxeko batzar areto nagusian izango dira, 17:30etik 19:30era.
- Apirilak 14 – ZAINTZA PERTSONALAK: Zaintzak ez dira inprobisatzen
Norberaren ongizate fisiko, emozional eta sozialari buruz hausnartzeko eta etorkizunean nola zainduak izan nahi dugun pentsatzen hasteko saioa. Nola nahiko nuke zaindua izan neure kabuz erabaki ezin dudanean? - Apirilak 21 – ZAINTZA MEDIKUAK: Aurretiazko borondateen agiria
Osasunarekin eta bizitzaren amaierarekin lotutako erabakiak, aurretiazko borondateak eta heriotzan laguntzeko prestazioari buruzko informazioa. - Apirilak 28 – ZAINTZA ADMINISTRATIBOAK: Notario-ahalordeak
Ezin dugunean erabakiak nork hartu ditzakeen eta nola antolatu daitezkeen ordezkaritza-figurak modu argian azaltzeko saioa. Zer gauza garrantzitsu utz ditzaket aldez aurretik erabakita? - Maiatzak 4 – ZAINTZA EKONOMIKOAK: Testamentuak eta baliabide sozialak
Ondare-plangintza, herentziak eta mendekotasun egoeretan dauden baliabide sozial eta ekonomiko nagusiak ezagutzeko aukera.
Hizlaria
Saioak Olaia Arana gizarte-langileak emango ditu, zaintzaren etikan aditua. 20 urte baino gehiagoko esperientzia du arlo soziosanitarioan eta Gipuzkoako Gizarte Esku-hartzeko Etika Batzordeko kidea da. Programa hau berak diseinatu eta hainbat udalerritan garatu du.
Herritar guztientzat irekitako saioak
Hitzaldi zikloa doakoa eta herritar guztiei irekia izango da, eta ez da aurrez izena eman behar. Saioetan ez da dokumenturik bete beharko; informazioa eta hausnarketarako tresnak eskainiko dira, etorkizuneko erabakiak lasaitasunez hartu ahal izateko.




