Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Ongi etorri harrera beasaindar berriei

2026/03/30

Beasaingo Udalak antolatutako topaketak udal zerbitzuak, baliabideak eta herriko eskaintza Beasainen erroldatu berri direnei ezagutarazteko balio izan du, hurbiltasuna eta integrazioa sustatuz

Beasaingo Udalak ongietorri topaketa berezia egin zien joan den larunbatean azken hilabeteetan herrian erroldatu diren pertsona berriei. Ekitaldia udaletxeko batzar aretoan burutu da, eta hamaiketako baten aitzakian elkar ezagutzeko juntadizoa egin da giro atsegin eta hurbilean.

Harrera ekitaldi atsegin honetan izan dira udal teknikariak eta udal ordezkariak: Leire Artola alkatea, Adur Ugartemendia alkateordea eta Ainhoa Arrese Berdintasun arloko zinegotzia, herrira bizitzera etorritako berriei ongietorria emanez.

Udal zerbitzuen aurkezpena

Aurkezpenean zehar, udal zerbitzu nagusien oinarrizko informazioa eman zitzaien bertaratuei. Informazio bulegoa non dagoen azaldu zitzaien —Igunea— eta herritarrek eskura dituzten funtsezko zerbitzuak zerrendatu ziren, besteak beste: ongizate saileko bulegoa, Osasun etxea edota Hezkuntza arloko ikastetxeak. 

Euskara, hezkuntza eta kultura ardatz

Hizkuntza politikaren baitan, Udalak euskararen ikaskuntza eta erabilerari ematen dion garrantzia azpimarratu zen. Horren harira, Udal Euskaltegia eta hizkuntza indartzeko baliabideak aurkeztu zitzaizkien parte-hartzaileei.

Era berean, hezkuntza, kultura eta informazioarekin lotutako zerbitzuen berri eman zen: Helduentzako Eskola, KZ gunea, Udal Liburutegia, Kultur etxea eta Usurbe Antzokia, Loinatz Musika Eskola, Antzizar Kiroldegia eta Urbieta eraikineko arte-tailerrak eta baita herriko ospakizun eta jaien inguruko informazioa.

Udal ordezkariek berdintasunaren garrantzia ere nabarmendu zuten, Beasainen arlo hori modu aktiboan lantzen eta sustatzen dela azpimarratuz.

“Ongi etorri gida”, informazio erabilgarria eskura

Topaketan, bertaratuei “Ongi etorri gida” eskuorria banatu zitzaien, Beasaingo kale-planoarekin batera. Ekimenaren helburua da herrira bizitzera etorri direnei zerbitzu publikoen informazio erraza eta eskuragarria eskaintzea, udalaren prestutasuna eta gertutasuna adieraziz, eta eskura dituzten baliabideak ezagutaraziz.

Informazio eta laguntza gehiago behar izanez gero, honako kontaktuak jarri dira herritarren eskura: 943 087 663 telefono zenbakia eta Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikoa.