Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Galdara eta leihoak berritzeko udal dirulaguntzak eraginkorragoak izan daitezen

2026/03/16

Etxebizitzen energia kostuak eta berotegi efektuko isurpenak murriztea da laguntzen helburua, leiho eta galdara eraginkorragoak instalatzea sustatzeko

Jabeen erkidegoek zein banakako etxebizitza-erabiltzaileek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak

Beasaingo Udalak etxebizitza eta eraikinetan energia-eraginkortasuna hobetzeko dirulaguntzak eskainiko ditu. Ekimen honen helburua da etxebizitzetan energia-kontsumoa eta bero-galerak murriztea, eta horren bidez etxeak jasangarriagoak eta eraginkorragoak bihurtzea.

Laguntzen bidez, Udalak eskala ertaineko eta txikiko hobekuntza praktikoak sustatu nahi ditu, etxebizitzen eguneroko erabileran eragin zuzena dutenak. Besteak beste, galdara zaharrak ordezkatzea edo leiho eta ateetako beirazko itxiturak berritzea bezalako jarduketak lagunduko dira. Halako esku-hartzeek etxebizitzen isolamendua hobetzen laguntzen dute, bero-galerak murrizten dituzte eta, ondorioz, energia-kontsumoa gutxitzea eta erosotasuna handitzea ahalbidetzen dute.

Norentzat dira laguntzak

Dirulaguntza hauek jabeen erkidegoek zein banakako etxebizitza-erabiltzaileek eskatu ahal izango dituzte. Banakako jabeen kasuan, etxebizitza ohiko bizilekua dela egiaztatu beharko da, eta eskatzaileak bertan erroldatuta egon beharko du.  Halaber, jarduera gauzatuko den eraikinak, 2008ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko eraikuntza baimena izan beharko du. 

Diruz lagunduko diren jarduketen artean galdara zaharren ordezkapena eta leiho edo ateetako beirazko itxituren berritzea daude. Jabeen erkidegoen kasuan, dirulaguntza jarduketaren gastuaren %10era iritsi ahal izango da, gehienez 6.000 euro arte. Banakako etxebizitza-erabiltzaileek, berriz, 400 euroko laguntza jaso ahal izango dute galdara aldatzen badute, eta leiho edo ateetako beirazko itxiturak berrituz gero, egindako gastuaren %30, gehienez 1.200 euro arte.

Laguntzek 2024eko urtarrilaren 1etik aurrera egindako lanak hartuko dituzte kontuan, betiere jarduketak 2026ko azaroaren 30a baino lehen amaitzen badira.

Informazioa eta eskaerak

Dirulaguntzen inguruko informazio guztia eta eskaerak aurkezteko prozedura Igunean (Herritarrentzako Arreta eta Informazio bulegoan) egongo dira eskuragarri. Bertan, herritarrek baldintzen berri jasotzeaz gain, eskaerak tramitatzerakoan behar duten orientazioa eta laguntza ere jaso ahal izango dute.

Jasangarritasunarekiko udal konpromisoa

Etxebizitzen birgaitze energetikoa funtsezko tresna da energia-kontsumoa murrizteko, ingurumen-eragina txikitzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko. Horregatik, Beasaingo Udalak garrantzi berezia ematen dio horrelako ekimenei.

Laguntza programa hau Udalak jasangarritasunarekin duen konpromisoaren baitan kokatzen da, eta legealdi planaren estrategiaren barruan garatzen ari den lan-ildoetako bat da. Estrategia horren bidez, udalerri eraginkorragoa, ingurumenarekiko arduratsuagoa eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuagoa eraikitzen jarraitu nahi du Beasaingo Udalak.