Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Loinazko San Martin eguna gastronomia, omenaldi eta herri-ekitaldiekin ospatuko da

2026/01/31

Beasaingo Odolkiaren Kofradiak Karlos Argiñano izendatuko du ohorezko kofrade bere 39. kpaituluan, eta herriak Karlos eta Eva Argiñano anai-arrebak omenduko ditu; Urbiberri gizarte egoitzak bere ospakizunean berriz, Mª Pilar Usabiaga Etxeberria eta Jose Miguel Insausti bazkideak

Gaztetxoen pilota partidak, musika ibiltaria eta kale antzerkia izango dira otsailaren 5a jantziko duten beste ekitaldiak

Herriko zaindariaren heriotzaren eguna goratzeko, otsailaren 5ari esanahi berezia eman nahi dio aurten ere Beasaingo Udalak. Helburu horrekin, Udalak eta herriko hainbat eragile eta elkartek nortasunarekin eta tradizioekin lotutako egitarau zabala prestatu dute, eta gaur goizean aurkeztu dute udaletxeko batzar aretoan.

Aurkezpenean Leire Artola alkatearekin batera izan dira Juanjo Ganzarain eta Martin Urkiola Beasaingo Odolkiaren Kofradiako ordezkariak, eta Angel Funes Urbiberri gizarte zentroko ordezkaria. Bakoitzak bere arlotik azaldu ditu otsailaren 5aren bueltan antolatutako ekitaldien xehetasunak.

Alkatearen hitzetan, “herriko zaindariaren eguna ospatzeak Beasainen historia eta kultura balioan jartzen ditu, eta beasaindarrak batzen gaitu. Egun honi esanahia eman nahi diogu, beasaindar izaera indartuz. Jaia, dantza, musika eta gastronomia dira ospakizun honen ardatzak, eta aurkeztu dugun egitaraua horren isla da”.

Karlos Argiñano, ohorezko kofrade

Loinazko San Martin egunean protagonismo berezia izaten du urtero Beasaingo Odolkiaren Kofradiak, eta aurten bere 39. kapitulua ospatuko du. Testuinguru horretan, Karlos Argiñano izendatuko dute ohorezko kofrade, bere ibilbide profesionalagatik ez ezik, beasaindarra izanik, Beasainen alde egindako lanagatik, herriaren izena eta balioa mundu osoan zehar harrotasunez eta fideltasunez zabaltzeagatik besteak beste.

Era berean, Beasaingo herriak berak Karlos eta Eva Argiñano omenduko ditu, biek ala biek beren jatorriarekiko erakutsitako atxikimenduagatik, Beasainekin izan duten lotura estuagatik eta herriaren irudia zabaltzeko egindako ekarpenagatik.

Kofradiaren egitaraua eta parte-hartze zabala

Odolkiaren Kofradiak antolatutako ekitaldi nagusia eguerdiko 12:00etan izango da Loinazko San Martin plazan, baina aurretik eta ondoren ohiko egitarau osoa garatuko da:

  • Kanpotik datozen kofradien harrera Igartzan
  • Kofradien desfilea herrigunetik
  • Lore-eskaintza zaindariaren estatuan eta aurreskua
  • Meza nagusia
  • Odolki dastatze herrikoia Zubimuzu plazan
  • Adiskidetasun bazkaria plazapean

Kofradiak jakinarazi du 24 kofradiatako 74 ordezkari bilduko direla Beasainen:
10 Hego Euskal Herritik, 2 Ipar Euskal Herritik, 5 Kantabriatik, 1 Galiziatik, 1 Errioxatik, 3 Asturiastik, 1 Toledotik eta 1 Zaragozatik.

Goizeko ekitaldi guztietan lagun izango dira Goizeresi elkarteko txistulariak eta Loinatz Musika Eskolako banda, eta eguerdian emanaldia eskainiko dute plazako kioskoan.

Udalaren opari berezia: euskal makil bana

Omenaldien testuinguruan, Beasaingo Udalak euskal makil bana oparituko die Karlos eta Eva Argiñanori, herriaren izenean egindako aitortza eta esker onaren ikur gisa. Alkateak azpimarratu du euskal makila “Beasaingo nortasunaren, tradizioaren eta errespetuaren sinbolo” dela.

Urbiberrin, jaia eta bi bazkideri omenaldia

Ospakizunek jarraipena izango dute Urbiberri gizarte zentroan. Angel Funes ordezkariak azaldu duenez, 13:30ean bazkideentzako lunch-a eskainiko da.

Arratsaldeko 17:00etan, Mª Pilar Usabiaga Etxeberria eta Hortensio Gomez Mateos bazkideei omenaldia egingo zaie, elkartearen baitan urteetan egindako lanagatik eta konpromisoagatik.

Ondoren, Aurtzaka dantza taldearen emanaldia izango da, 17:30ean Gurea Abesbatzaren kontzertua, eta 18:00etan Urbiberri Gizarte Zentroko Argi dantza taldearen saioa. Jardunaldia 21:00ak arteko dantzaldiarekin borobilduko da.

Pilota, musika ibiltaria eta kale antzerkia

Eguna osatzeko, udal arduradunek beste hainbat ekitaldi ere gogorarazi dituzte. 17:00etan, Murumendi pilota eskolako neska-mutilek partiduak jokatuko dituzte Gernika pasealekuko frontoian.

18:00etatik aurrera, “Bentazaharreko mutiko alaiak” taldeak musika kalez kale zabalduko du, eta 18:30ean, familia osoarentzat zuzendutako “Ipurbeltz” kale antzerkia eskainiko da Erauskin plazan; eguraldi txarra eginez gero, La Salle ikastetxean egingo da.

Amaitzeko, Beasaingo Udalak eskerrak eman dizkie herriko eragile eta elkarte guztiei otsailaren 5ari merezi duen garrantzia emateko egindako lanagatik, eta herritar zein bisitari guztiak gonbidatu ditu ospakizunetan parte hartzera.

otsailak 5 egitaraua aurkez 2