Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Gabonak segurtasunez igarotzeko zaintza berezia merkataritza eta ostalaritza guneetan

2025/12/17

Ertzaintza eta Beasaingo Udaltzaingoa elkarlanean, ebasketak eta lapurretak saihesteko aisialdi guneetan eta jendetza guneetan patrullak indartuko dituzte urtarrilaren erdialdera arte. Era berean, zaintza berezi bat egingo da alkohol edo drogen eraginpean diren gidariak atzemateko

Gabon egunetan eta urtarrilaren lehen asteetan, Ertzaintzak eta Beasaingo Udaltzaingoak zaintza berezia egingo dute herriko merkataritza eta ostalaritza guneetan, helburu argi batekin: ohikoak diren ebasketak eta lapurretak prebenitzea. Dispositiboa abenduaren 19an aktibatuko da eta urtarrilaren 18ra arte indarrean egongo da.

Zaintza egunero egingo da, txanda ezberdinetan, eta patruilak oinez eta ibilgailuz ibiliko dira, baita uniformez eta zibilez ere. Helburua, kale nagusietan, oinezko guneetan eta jende pilaketak sortzen diren lekuetan presentzia areagotzea da.

Zein delitu mota prebenituko dira

Jarduera hau gabonetan ohikoenak diren delituen aurrean prebentzioa indartzeko diseinatu da. Horien artean:

  • Ebasketak eta lapurretak merkataritza guneetan.
  • Lapurreta fisikoak, tiraketak edo arreta-galeraz baliatutakoak.
  • Iruzur edo engainuz egindako lapurretak (besarkada solidarioak bezalakoak).
  • Garraio eta banaketa lanetan ibilgailuetan uzten diren objektuen lapurretak.
  • Denda txikien kutxetan diru-kentzeak, bertako langileak une batez falta direnean.

Horretarako, Ertzaintza eta Udaltzaingoa koordinazio estuan arituko dira, informazio partekatua eta zaintza puntu estrategikoen antolaketarekin.

Arreta puntuak

Gabonetan Beasain bizirik dago: erosketak, enpresa-afariak, kultur ekitaldiak eta kalean sortzen diren topaketak. Jende pilaketa horiek, ohikoak direnak jai giroan, delitu txikien aukerak handitzen dituzte. Horregatik, tokiko polizien presentzia:

  • Merkatarien lasaitasuna bermatzeko.
  • Erosle eta bisitarien segurtasuna indartzeko.
  • Gaueko aisialdiko guneetan arrisku egoerak aurreikusteko.

Herritarrentzako gomendioak

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak herritarren lankidetza garrantzitsua dela azpimarratzen dute eta gomendio hauek ematen dituzte:

  • Poltsak edo motxilak ondo itxita eramatea.
  • Telefono mugikorra eta zorroa ikusgai ez uztea.
  • Jende pilaketetan pertsonalizatutako objektuak babestea.
  • Jarrera susmagarriren bat antzemanez gero, berehala poliziarekin harremanetan jartzea.

Helburua partekatua da: Gabonak lasai eta seguru bizitzea Beasainen.

Alkohol eta drogen kontrolak

Era berean, Eusko Jaurlaritzako trafiko kanpainen barruan egun hauetan zaintza berezi bat egingo da alkohol edo drogen eraginpean diren gidariak atzemateko. Horregatik egun hauetan hainbat kontrol egingo ditu Udaltzaingoak udalerriko leku ezberdinetan.