Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Eguberriko argien pizteak Gabonen hasiera iragarriko dute

2025/12/10

Abenduaren 11n piztuko dira eta Nafarroa etorbidean zeru izartsua eta Erauskin plazan bola erraldoi argiztatua izango dira aurtengo berrikuntzak. Argiteria guztia led teknologiakoa da, kontsumo baxkoa eta ordutegi automatizatuarekin

Argiztapenak eta Gabonetako giroak tokiko merkataritzaren jarduera bultzatu eta herrian bertan kontsumitzea sustatu nahi du. Udalak, merkatariekin batera, kaleei bizitasuna eman eta herri nortasuna indartu nahi ditu

Abenduaren 12tik urtarrilaren 5era adin guztietarako jarduerak izango dira: antzerkia, musika, tailerrak, haur parkea eta jai tradizionalak. Olentzero, San Silbestre eta Erregeen zamalkada ez dira faltako

Abenduaren 11n piztuko dira Eguberriko argiak, Beasaingo kaleei Gabonetako giroa eta sasoi honetako jarduerei hasiera emanez. Argiteriak tokiko merkataritzaren jarduera bizitu eta herriko kale giroa indartzea du helburu, herrian bertan erostera gonbidatuz, merkataritza txikia babestuz eta herri izaera sustatuz.

Aurten bi berrikuntza nagusi jarriko dira martxan: Nafarroa etorbidean zeru izartsua irudikatzen duen argiztapena, eta Erauskin plazan egongo den bola erraldoi eta ikusgarria. Gainerakoan, aurreko urteetan argiztatzen diren kaleak eta guneak mantenduko dira.

Jasangarritasun irizpideak eta led teknologia

Argiteria guztia led teknologiakoa da, kontsumo energetiko oso baxuarekin. Aurten ere iazko datuak berretsi dira: Eguberriko argiztapenak Beasaingo Udalaren urteko kontsumo elektrikoaren %0,06 baino ez du suposatzen, eta kostua iaz bezain txikia da. Argien programazio automatikoak ordutegi erregularra bermatzen du, energiaren kontsumoa optimizatuz eta ikusgarritasuna handituz.

Eguberriko programa abenduaren 12tik urtarrilaren 5era

Eguberriko programa berezia abenduaren 12an hasiko da eta urtarrilaren 5ean amaituko da. Adin guztietarako eskaintza zabala izango da.

Egitaraua gaztetxoen irakurketa kluba saioarekin hasiko da (abenduak 12), eta jarraian Sofia Huertaren piano kontzertua izango da. Ondoren Antton Telleriaren bakarrizketa eskainiko da Usurbeko antzokian (abenduak 13), eta Loinatz, Narama, harizko orkestra eta Aurtzaka dantza taldearen kontzertu berezia izango da elizan (abenduak 14). Haurrek ipuin antzeztua ezagutzeko aukera izango dute (abenduak 15).

Kultur eskaintzak Beasaingo Paperak bildumaren aurkezpena izango du tartean (abenduak 18), eta horren ondoren Eguberri kontzertua eskainiko dute udal bandak, txistulariek, perkusio taldeak eta abesbatzak (abenduak 18). Familientzat, gabonetako koroa tailerra egingo da (abenduak 19), eta artea ezagutzeko, Goierriko Artisten Topaketaren irekiera egingo da (abenduak 19). Dantzaz gozatzeko, Ostadar dantza taldearen emanaldia antolatu da (abenduak 20).

Jarduera sortzaileekin jarraituz, zeramika tailerrak egingo dira goizez (abenduak 22), eta kirol zaleentzat Beasain Kirol Sarien gala ospatuko da (abenduak 22). Gabonetako marrazkiak ezagutzeko, kartel lehiaketako lanen erakusketa izango da (abenduak 23). Umeek eta familiek Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, joaldunekin eta gutun bilketarekin, bizi ahal izango dute (abenduak 24), eta arratsaldean Gabon eskea egingo da kaleetatik (abenduak 24).

Eguberri egunean, Goizeresi txistularien kalejira izango da (abenduak 25), eta gazteentzako margoketa tailerra antolatu da (abenduak 26). Antzerki zaleentzat, Nor naizen baneki lana eskainiko da (abenduak 26). Familiek txotxongilo tailerrarekin jarraituko dute (abenduak 27), eta ondoren haurrentzako Gabonetako parkea, puzgarriak eta jolasak barne, bi egunetan izango da Antzizarreko kiroldegian (abenduak 29–30).

Urteko azken egunean, San Silbestre txiki solidarioa egingo da goizean (abenduak 31), eta jarraian San Silbestre krosa izango da (abenduak 31). Egitaraua Erregeen gutun bilketarekin itxiko da (urtarrilak 5), eta arratsaldean herriko kaleak alaitzeko Erregeen zamalkada egingo da (urtarrilak 5).

Bareak Merkatari Elkartearen Gabonetako kanpaina

Bareak Merkatari Elkarteak urtero bezala Gabonetako kanpaina jarri du martxan. Bazkide diren establezimenduetan erosketak egiten dituzten bezeroek Gabonetako opari poltsa lortzeko aukera izango dute, eta Bareak txartelarekin egindako erosketek Gabonetako saskiaren zozketan parte hartzea ahalbidetuko dute.

Horrez gain, X. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa antolatu da abenduaren 9tik 18ra. Parte hartzen duten establezimenduak hauek dira: Argi Optika, Arnedoko Txokoa, Foto Alzuri, Labores Otea, Mirari Metzeria, Mujika Txirrinduak, Naguri Optika, Enia Ileapaindegia, Vicuña Sport eta Xalo.

Nola bozkatu eta sariak

Beasaindarrek hiru modutan bozka dezakete: Dendetan bertan boto orria betez eta entregatuz, udaletxeko IGunean boto orria utzita, Bareak.eus webgunean inkesta betez. Boto guztien artean 100 euroko bi erosketa txeke eta 200 euroko erosketa txeke bat zozketatuko dira.

Sari banaketa eta omenaldia

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 29an egingo da. Ekitaldi berean, aurten erretiratu diren merkatariei omenaldia egingo die Udalak, urte luzez herriko bizitzan eta merkataritzan egindako ekarpena aitortuz.

Amaitzeko, udalak eta Bareak Merkatari Elkarteak herritarrak gonbidatzen dituzte Eguberriak Beasainen bizitzera, kale giroa partekatuz, tokiko komertzioen alde eginez eta antolatutako ekitaldi guztiez gozatzeko.