Ez zikintzea guztion ardura lelopean, Beasaingo udalak ikasleentzako sentsibilizazio kanpaina abiatuko du azaroaren 17tik aurrera. Ikasleekin kalean garbiketa saioak eta hausnarketa tailerrak egingo dituzte
Beasaingo Udalak, udalerriko mantenu eta garbiketa lanen arduradun nagusi gisa, herri txukun, eroso eta irisgarri bat izateko konpromisoa berresten du. Kale-garbiketa zerbitzua esleituta duen Serbitzu Elkartea SL enpresaren eskaintzaren barruan, 2025eko ikasturtean abiatuko da ikasleentzako sentsibilizazio kanpaina, beasaindar gazteen artean ingurumenarekiko eta garbitasunarekiko kontzientziazioa sustatzeko helburuarekin.
Ikasleekin garbiketa saioak eta hausnarketa tailerrak
Kanpaina azaroaren 17tik 27ra bitartean egingo da Beasaingo lau ikastetxeetako ikasleekin: Alkartasuna Lizeoa, Murumendi Eskola, Andramendi Ikastola eta La Salle – San Jose. Lehen hezkuntzako 5. mailako ikasleek parte hartuko dute, saio praktiko eta hezitzaileetan. Murumendi Eskolako 6. mailako ikasleek ere parte hartuko dute.
Ekintzek ordu beteko iraupena izango dute eta goiz bakoitzean bi formakuntza eskainiko dira. Jarduera bakoitza ikastetxeekin adostutako lekuetan egingo da —hala nola Gernika Pasealekuko frontoian, Iturralde parkean edo Ezkierdi haur parkean— eguraldiaren arabera, eta euria egiten badu, udaletxeko plazapean edo Ezkierdi pilotalekuan.
Garbiketa lanak, esperientzia zuzenetik
Ikasleei eskularruak, txalekoak eta tresna txikiak banatuko zaizkie, eta euren auzoetako hondakinak jasotzeko ariketa praktikoa egingo dute. Ondoren, lurrera botatzen diren zigarrokinen, txikleen, txakur kaken eta bestelako hondakinen arazoaz jardungo dute, eta haien eragina aztertuko dute bai ingurunean bai udal garbiketa-zerbitzuaren lan kargan.
Saioaren bigarren zatian, birziklatze-ohituren inguruko azterketa egingo dute, hondakinak edukiontzietan nola banatu behar diren ikasiz eta proposamenak eginez. Amaitzeko, kale-garbiketako makinak eta ibilgailuak ezagutuko dituzte, eta haize makina elektrikoak probatzeko aukera izango dute.
Helburu argiak: ez zikintzea eta ardura partekatua
Ekimen honen helburu nagusiak dira:
- “Ez zikintzea”ren garrantziaz ohartaraztea, Beasain garbi eta atsegin mantentzeko.
- Kale-garbiketaz arduratzen diren langileen lana ezagutaraztea eta balioestea.
- Gazteen artean ohitura onak eta erantzukizun soziala sustatzea.
- Ingurumenaren zaintzari buruzko hausnarketa eta hobekuntza-proposamenak lantzea.
Etorkizuneko belaunaldientzat heziketa eta kontzientziazioa
Kanpainak gazteen bidez guraso eta helduen ohituretan ere eragina izatea du helburu, garbitasuna eta errespetua balio gisa txertatuz. Urtero ekintza bera errepikatzeak belaunaldi berriak hezteko eta udalerri garbi baten kultura sendotzeko aukera emango du.
Kanpainaren amaieran, urteko txosten bat egingo da, parte-hartzea, ikasitakoa eta hobetzeko proposamenak jasoz. Horrela, urte batetik bestera emaitzen bilakaera aztertu ahal izango da eta ekintzak etengabe hobetuko dira.




