Azaroaren 8an jarriko dira salgai lehen 100 bikoteak eta erosketa egin aurretik erreserba egitea ezinbestekoa da
Beasaingo herritarren eskaera gero eta handiagoari erantzunez, Jone eta Mattin erraldoien gomazko bertsioak salgai jarriko dira lehen aldiz. Gomazko erraldoiak kolekzionatzea oso zabaldua dago azken urteotan, eta jende askok eskatuta, Beasaingo erraldoiak ere gehituko zaizkio bilduma berezi honi.
Erraldoien miniatura hauek Platero enpresak egin ditu, eta urtebete luzeko prozesu zaindua izan da: moldeak sortu, geruzaz geruza margotu eta azken xehetasunak eskuz landu behar izan dira. Lan handia izan da, baina pozik egoteko modukoa da emaitza.
Azaroaren 8an, lehen salmenta-eguna
Lehenengo 100 bikoteak azaroaren 8an jarriko dira salgai, eta eskuratu nahi dituztenek aurrez erreserba egin behar dute esteka honen bidez (azaroaren 4an, goizeko 9:00etatik aurrera egin ahal izango da erreserba).
Erreserba eginda ere, erosketa gauzatu behar da egun berean, 18:00ak baino lehen, bestela produktua galtzeko arriskua dago. Eskaera eskaintza baina handiagoa bada, itxaron-zerrendakoek, betiere egun berean, erosteko aukera izango dute.
Erraldoi bikotearen prezioa 40 eurokoa da. Salmenta Erauskin plazan egingo da 11:30etik 12:30era, erraldoien aurkezpena egin ondoren, eta bigarren salmenta-saioa Zubimuzu plazan izango da 17:30ean (18:00ak arte). Ordainketa eskudirutan egingo da, erraldoiak jasotzean, eta NANa aurkeztu beharko da. Familia bakoitzak eskaera bakarra egin ahal izango du, banaketa orekatuagoa bermatzeko.
Erraldoien ekitaldiari dagokionez, Eguraldi txarra eginez gero, La Salle ikastetxeko patioan egingo dira ekitaldiak.
Beste 250 bikote, urte amaiera baino lehen
Azaroaren 8ko salmentaren ostean, beste 250 bikote iritsiko dira, eta herriko honako establezimenduetan izango dira eskuragarri (salmenta-data zehaztuko da aurrerago):
- Zuha umeentzako arropa-denda
- Arteka
- Jon Aranburu kioskoa
- Mirentxu liburudenda
- Permar jostailudenda
- Goierri Kopiak
- Ekaitz Erraldoi eta Buruhandien Elkartea
Beasaingo nortasunaren sinbolo txikia
Gomazko Jone eta Mattin erraldoiek beasaindarren artean piztu duten interesa argi erakusten du herriaren lotura berezia erraldoi eta buruhandiekin. Ekimen hau herritarren eskaeratik jaioa da, eta orain, urtebeteko lanaren ondoren, beasaindarrek eta zale guztiek etxera eraman ahal izango dute herriko sinbolo hauen miniatura berezia.



