Beasaingo Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta PUNTUEUSek sustatutako ekimena udaleko batzar aretoan aurkeztu da, herriko ikastetxeetako ikasle, ordezkari eta merkatarien parte-hartzearekin
Dozena bat saltoki eta negozioek eta herriko 3 ikastetxek hartuko dute parte lehen fase pilotuan Beasainen
Beasaingo udaletxeko batzar aretoan aurkeztu da gaur GANDIK proiektua, tokiko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzeko eta, aldi berean, gazteen gaitasun digitalak sendotzeko helburua duen ekimena. Proiektua 2025-2026 ikasturtearekin bat abiatu da Beasainen eta Portugaleten, Beasaingo Udalak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta PUNTUEUS elkarteak lankidetzan sustatuta.
Aurkezpenean parte hartu dute Leire Artola Beasaingo alkateak, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, eta Josu Waliño PUNTUEUSeko zuzendariak, parte hartzen duten herriko ikastetxeetako ikasle eta ordezkariekin, baita proiektuan inplikatutako merkatariekin batera.
Tokiko merkataritza bizia eta digitala
Leire Artola Beasaingo alkateak udalaren ikuspegia azpimarratu du: “GANDIK proiektuak bat egiten du Beasaingo Udalaren konpromisoarekin: merkataritza bizia eta indartsua izateak gure komunitatearen kohesioa, herri izaera eta auzokideen arteko lotura sendotzen ditu. Tokiko merkataritzak gure herriaren bihotza izaten jarrai dezan, beharrezkoa da egungo errealitatera egokitzea, eta digitalizazioa ezinbesteko tresna da bide horretan.” Artolaren esanetan, proiektu hau gazteen eskutik gauzatzeak balio bikoitza du: “Batetik, haiek gaitasun digitalak garatzen dituzte benetako esperientzia batean; bestetik, gure gazteak tokiko merkataritzara hurbiltzen dira, herriko ekonomia ulertzen dute eta etorkizunaren eraikuntzan parte aktibo bihurtzen dira.”
Digitalizazioaren beharra
PUNTUEUSek egindako azterketaren arabera, Beasaingo 253 saltokietatik 68k soilik (%27) dute webgune aktiboa. Datu horiek Euskadiko batez bestekoaren parekoak dira, eta agerian uzten dute merkataritzaren bi herenek oraindik ez dutela interneten presentzia errealik.
Josu Waliñok, PUNTUEUSeko zuzendariak, nabarmendu du egoera honek aukera handia eskaintzen duela merkataritza txikiaren ikusgarritasuna eta lehiakortasuna hobetzeko: “Saltoki gehienek ez dute oraindik presentzia digital sendorik, eta horrek esan nahi du digitalizazioaren bidez eraldaketa sakona lor daitekeela oraindik. GANDIK proiektua urrats sendo eta praktikoa da erronka honi aurre egiteko.”
Bestalde, Javier Hurtado sailburuaren hitzetan “Digitalizazioa eta belaunaldi-erreleboa dira sektorearen erronka nagusiak. Gero eta lehiakorragoa den merkatuan, tokiko merkataritzak ikusgarritasuna eta eraginkortasuna areagotu behar ditu tresna digitalen bidez.”
Gazteen eta merkatarien arteko lankidetza proiektuaren bihotza
Proiektuaren ardatz nagusia belaunaldien arteko lankidetza da.
Beasaingo BIP Beasain Institutu Publikoa, Andramendi Beasaingo Ikastola, eta La Salle Beasain ikastetxeetako ikasleek, beren irakasleen gidaritzapean eta PUNTUEUSen laguntzarekin, tokiko negozioentzako webguneak garatuko dituzte.
Parte hartuko duten saltokiak hauek dira: Productos Transilvania, Detalles Magicos, Kixkur ileapaindegia, Arnedoko txokoa, Beasaingo Ogi Berri, Otxoa de Alaiza ileapaindegia, Labores Otea, Farmabi parafarmazia, La Krenguta janaridenda, Taj Mahal jatetxea, Reformas Celedon eta Txantxangorri taberna.
Lehen fasean, ikasleek saltokiak bisitatuko dituzte haien errealitatea ezagutzeko eta proiektuaren helburuak elkarrekin definitzeko. Ondoren, webguneak sortuko dituzte eta merkatariei erakutsiko diete nola kudeatu modu autonomoan. Horrela, belaunaldien arteko harreman sendoak eta lankidetza benetakoa sortuko dira, udalerriko kohesio soziala eta komunitatearen etorkizuna indartuz.
Euskara ardatz estrategikoa
GANDIK proiektuaren bereizgarrietako bat euskararen presentzia digitala sustatzea da. Webgune guztiak gutxienez euskaraz sortuko dira, eta merkatariek beste hizkuntza batzuk gehitu ahal izango dituzte, hala nola gaztelania edo ingelesa.
Leire Artolak nabarmendu du “Euskaraz sortutako eduki digitalek gure nortasuna eta transmisio sokaren jarraipena bermatzen dute, eta hizkuntza erdigunean jartzen dute eraldaketa digitalaren barruan.”
Beasain, eredu Euskadi mailan
Beasain izango da GANDIK proiektuaren lehen fase pilotuaren erreferente nagusietako bat, Portugaleterekin batera. 2026-2027 ikasturtean proiektua lau udalerritara zabalduko da, eta 2027an beste lau gehituko dira, guztira hamar udalerri izatera iritsiz. Horren ondorioz, 150 merkatari eta 1.000 gazte inguruk parte hartzea aurreikusten da, belaunaldi arteko elkarlana eta digitalizazioa uztartuz. Informazio gehiago: www.gandik.eus





