Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Udazken eta neguko barazkien ordua

2025/10/02

Hasi dira urtaro hauetako lehen barazkiak agertzen, hala nola, aza, brokolia, azalorea eta aza gorria

Larunbat honetan ospatuko da bertako produktuen urriko lehen larunbateko azoka berezia, eta udazken zein neguko barazkiak izango dira protagonista nagusiak. Aza, brokolia, azalorea eta aza gorria bezalako barazkiek nutrizio-balio ugari eskaintzen dituzte: bitamina eta mineraletan aberatsak dira, eta digestioan laguntzen duten zuntz ugari daukate. Hori dela eta, osasuntsu jateko eta tokiko nekazaritza sustatzeko aukera ezin hobea izango da azoka.

Goiz osoan zehar jarduera bereziak ere izango dira. Barazkiez gain, beste produktu batzuk saltzen dituzten postuak ere izango dira: eztia, loreak eta landareak, eta 11:30ean, Artekako Vickyk tailer didaktiko bat eskainiko du, bertaratutakoek apaingarri originalak egiten ikas dezaten. 

Horrez gain, azokako erosketak egiten dituztenen artean, 13:30ean, bertako produktuez osatutako bi saski zozkatuko dira. Giroa atsegina eta parte-hartzailea izango da, eta herritar guztiak gonbidatuta daude bertan parte hartzera.

Egitaraua:

  • 10:00 – Bertako produktuen azokaren hasiera
  • 11:30 – Apaingarriak egiten ikasteko tailerra, Artekako Vickyren eskutik
  • 13:30 – Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa, erosleen artean
  • 14:00 – Bertako produktuen azokaren amaiera

Bertakoa eta garaian garaikoa kontsumitu

Bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta  kontsumitzaileek azoka eta bertako produktuak ezagutu eta horiek kontsumitzeak dituen onurak ezagutzera eman eta sustatzea da udalaren helburua. Era berean, bezero gazteak erakartzea eta harremanak sustatzeko topagune izatea ere bada asmoetako bat, azokak berarekin dituen onurek iraupena izan dezaten belaunaldi berrien artean.