Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Poltsa jasangarriak banatuko dira azokan kontsumo arduratsua sustatzeko

2025/07/14

Ingurumena zaintzeko eta plastikoaren erabilera gutxitzeko urrats sendoa azokaren jardunean

Uztailaren 15ean, asteartean, Beasaingo Udalak beste urrats bat egingo du jasangarritasunarekiko eta ingurumenaren zaintzarekiko duen konpromisoan, Plaza azpiko astearoko azokan poltsa konpostagarriak edo birziklagarriak banatuz postu guztien artean. Ekimen hau azokan parte hartzen duten postu guztiei zuzenduta dago, ekoizleak izan edo ez, inolako bereizketarik egin gabe, eta kontsumo arduratsuago baterako ohiturak sustatzea du helburu. 

Poltsa konpostagarriak alternatiba jasangarria

Udalaren helburua astearteko azoka herritarren bizimoduan funtsezko espazio sozial eta ekonomiko izateaz gain, ingurumenarekiko errespetuzko jarrerak sustatzeko gune bihurtzea da. Saltzaileekin elkarlanean, bakoitzaren produktuen ezaugarrien arabera zein poltsa mota den egokiena aztertu da aurrez, eta horren arabera banatuko dira poltsak: batzuek poltsa konpostagarriak jasoko dituzte, eta beste batzuek, birziklagarriak. 

Banatuko diren poltsa konpostagarriak baldintza egokietan modu naturalean deskonposa daitezke, eta ondorioz, ingurumenaren gaineko eragina askoz txikiagoa da. Neurri honen bidez, Udalak plastiko erabilera bakarrekoen presentzia murriztu nahi du, eta aldi berean, saltzaileak eta erosleak kontzientziatu kontsumo-eredu zirkular eta jasangarriago batera igarotzeko.

Berrerabilpena sustatzeko aholkua bezeroei

Horrez gain, poltsen berrerabilera sustatzeko, Udalak gomendatuko die saltzaileei bezeroei aholkatzea etxetik poltsa propioa ekar dezaten erosketak egiteko. Horrela, baliabide xumeen bidez, hondakinak gutxitzeko eta ohitura arduratsuak hedatzeko ekintza eraginkorra izango da.

Beasaingo Udalak ekimen honekin erakusten du azokarekiko duen konpromisoa ez dela mugatzen bertako eta garaian garaiko produktuaren sustapenera, baizik eta azokaren eraldaketa positiborako agente aktibo izan nahi duela, ingurumenarekiko eta komunitatearekiko begirunez jokatuz.