Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Garaiko tomate ekologikoa protagonista larunbat honetako azokan

2025/07/04

Beasaingo Udala bertako ekoizpena sustatzen eta kontsumo arduratsua bultzatzen jarraitzen du, eta horren adierazgarri da larunbat honetarako, uztailaren 5erako, antolatu duen azoka berezia. Garaiko produktuen artean nabarmentzekoa da tomate ekologikoa, uda betean gauden honetan bere punturik onenean dagoena. 

Azokak 10:00etan zabalduko ditu ateak, eta eguerdira arte bertako eta garaiko produktu ekologikoak izango dira protagonista. Tomate ekologikoez gain, bezeroek kuiatxoak, piperrak, pepinoak eta piperminak ere aurkitu ahal izango dituzte postuetan.

Jardunaldiak ez du eskaintza gastronomikoa soilik izango, tailer didaktiko batek ere osatuko baitu egitaraua. 11:30ean, Azanza mintegiko ekoizleek "Landareak landatzen" tailerra eskainiko dute. Haur eta helduek landareen hazkuntza-prozesua gertutik ezagutzeko aukera izango dute, praktikan oinarritutako jarduera honetan.

Azoka amaitu aurretik, 13:30ean, bertako produktuekin osatutako bi saskiren zozketa egingo da, azokan erosketak egin dituzten bezeroen artean. Jardunaldia 14:00etan amaituko da. 

Azoka honek bertako ekoizle txikiei bultzada emateaz gain, herritarrei kalitatezko eta ingurumenarekiko errespetuzko produktuak kontsumitzeko aukera eskaintzen die. Halaber, ekonomia zirkularra eta tokiko harremanak indartzen laguntzen du.

Egitaraua

  • 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.  
  • 11:30 “Landareak landatzen” tailerra Azanza ekoizlearen eskutik.
  • 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.  
  • 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.