Etxelagun esperimentazio-proiektuaren barruan, bakardadeari aurre egiteko eta adineko pertsonen autonomia sustatzeko lan-tailerra burutu da Beasainen
EHUko Arkitektura Goi Eskola -Caviar ikerketa taldea-, Psikologia Eskola, Eusko Jaurlaritza, Osakidetza, Beasaingo Udaleko Gizarte Ongizateko teknikariak eta Asmubeko ordezkariak eta teknologia berriko hainbat enpresak parte hartu zuten besteak beste lanketa honetan
Beasain Etxelagun proiektuaren saio berri baten agertoki izan da. Etxelagun, erakundearteko ekimen esperimentala da, eraikitako etxebizitzak eraldatzeko eredu berri bat bilatzen duena, adineko pertsonen bakardadea arintzeko eta autonomia handitzeko helburuarekin. Ekainaren 17an burututako tailer-saioan tokiko ordezkariak, erakundeak eta gizarte eragileak bildu ziren, zaintza komunitarioari buruzko hausnarketa partekaturako gune bat sortuz eta ekimenaren prototipo izango den etxebizitza batentzat proposamenak eginez.
Etxelagun ekimena eta diseinu-gida
Etxelagun Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ekimena da, Adinberri estrategiaren barruan, eta honako erakunde hauek hartzen dute parte: UPV/EHUko Arkitektura Saila -Caviar ikerketa taldea-, Eusko Jaurlaritzako Osasun, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Departamentua, Gipuzkoako Aldundia eta Adinberri eta Donostiako Arkitektura eta Psikologia Eskolak (UPV/EHU).
Proiektuaren lehen fasea Etxelagun diseinu gida bat osatzea izan zen. Gida honen helburua Gipuzkoako Lurralde Historikoko etxebizitzak diseinatzeko jarraibide batzuk zehaztea zen bakarrik bizi diren 55 urtetik gorako pertsonen bakardadearen pertzepzioa arintzeko eta autonomia sustatzeko. Proposamen berritzailea, hirigintza, osasun publikoa, esku-hartze soziala eta herritarren parte-hartzea batzen dituena, komunitatetik zaintza modu berriak sustatuz.
Gida horren diseinuan Beasaingo Udalak hartu zuen parte, etxebizitzak egokitzeko metodologia bat ezarriz, nahi ez den bakardadea arintzeko eta zahartzarorako ingurune inklusibo eta lagunkoiak sustatzeko.
Etxebizitza prototipoa
Gida osatu ostean, 2025ean martxan jarri den bigarren fase honetan etxebizitza errealetan esku-hartzea da helburua. Horretarako Beasaingo Udalak etxebizitza tutelatuetako bat jarri du prozesuan aztergai kosorkuntza tailerrean. Bertan, udal teknikariek, gizarte zerbitzuetako langileak, osasun arloko ordezkariak -Osakidetza-, eta Asmube elkarteak eta aipatutako gainerako erakundeak egon dira.
Horrela, proiektu arkitektoniko baten bidez etxebizitza bat egokitzeko esku hartze proposamen bat egingo da, bertan bizi diren pertsonen elkarbizitza hobetzeko zer neurritan eragiten duen egiaztatu dadin. Etxebizitzaren prototipo horren helburua da nahi ez den bakardadea prebenitzea eta arintzea, eta eredu izan ahalko da beste herri batzuetarako.
Beasain udalerri konprometitua
Beasaingo Udalak Etxelagun ekimenean parte hartzeak erakundeen borondateari erantzuten dio, alegia, elkarbizitza, ongizate emozionala eta zahartze duina bultzatzen dituzten politiketan sakontzeko borondateari. Jardunaldian, tokiko ingurunean oztopo fisikoak eta sozialak identifikatu ziren, esperientziak partekatu ziren, eta bizitza autonomoa sustatzen duten soluzio arkitektoniko, harremanezkoak eta komunitarioak aztertu ziren.
Tailerrak agerian utzi zuen administrazioen eta unibertsitatearen arteko lankidetzaren eta adin guztietarako pentsatutako etxebizitzen eta hiri-espazioen diseinuaren garrantzia. Baita adinekoei aktiboki entzutea aldaketaren eragile nagusiak diren aldetik, eta auzo-loturak eta elkar zaintzeko sareak indartzearen beharra.
Beasaingo Udalak oso positiboki baloratu du esperientzia, ingurune bizigarriagoak, enpatikoagoak eta konektatuagoak garatzeko konpromisoa berretsiz. Hirugarren fasean, etxebizitza tutelatuan esku hartzeko obrak egiteko asmoa du Udalak.




