Landare eta loreak puri-purian dauden honetan, tailer didaktikoaren orduan makrame bidez lorontzientzako zintzilikarioak nola egin erakutsiko da
Ekainak berarekin ekarri ditu bertako, garaian garaiko produktu fresko, eta osasuntsuak. Elikadura jasangarriak Km 0 produktuak eskaintzen ditu bertako ekoizleen eskuz egindako lanaren fruitu. Larunbat honetan besteak beste azelgak, ilarrak, tipulina, kalabazina, pepinoa, eta letxugak izango dira barazki nagusiak. Bertako eta sasoiko produktuak sustatzeko azoka berezia tokiko ekoizleen lana balioan jartzeko eta herritarrak kontsumo arduratsura eta hurbileko produktuetara bideratzeko helburuen barruan kokatzen da.
Helburua da elikadura osasuntsua bultzatzea, ingurumena errespetatuz eta Bertako laborantzak ez ditu kimikoak erabiltzen, eta horrek produktuen benetako zaporea bermatzen du, baita lurraren eta ingurumenaren zaintza ere.
Azokak aukera paregabea eskaintzen du bezeroek baserritarrekin harremanetan jartzeko, haien lanaren balioa ezagutzeko eta produktuen jatorriari buruz gehiago jakiteko. Gainera, txikienek barazkien garrantzia ikasi dezakete, eta bertako saltzaileek euren lanaren bitxikeriak kontatu.
Ekainaren 14ko azoka giro ezin hobean burutuko da, eta egitaraua ondorengoa izango da:
- 10:00 – Bertako produktuen azokaren hasiera
- 11:30 – Makrame bidez lorontzientzako zintzilikarioak egiteko tailerra
- 12:00 – Loinatz Musika Eskolako trikitilari eta pandero-jotzaileak azoka girotzen.
- 13:30 – Azokan erosketak egin dituztenen artean azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa.
- 14:00 – Azokaren amaiera.
Beasaingo Udalak herritarrak gonbidatzen ditu azokan parte hartzera, bertako ekonomia eta ingurumenarekiko errespetua oinarri dituen kontsumo eredua bultzatzeko. Azoka berezi honek komunitatea indartzeko eta gure lurreko zaporeak ospatzeko parada emango du.



