Goieki Garapen Agentziarekin elkarlanean Beasaingo Udalak HAZILAN+ proiektua sustatzen du
Proiektu honen helburua prestakuntza espezializatua, orientazio pertsonalizatua eta praktikak eskaintzea da lan-merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten pertsona kualifikatuentzat, bereziki emakumeentzat
Beasaingo Udala partaide aktiboa da Goiekin, Goierriko Garapen Agentzian, eta eskualdeko garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko konpromiso sendoa dauka. Zentzu horretan, Udalak babestu eta bultzatzen du Goiekik martxan jarri duen HAZILAN+ proiektua, enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzeko tresna eraginkor gisa. Proiektu honen helburua da prestakuntza espezializatua, orientazio pertsonalizatua eta praktikak eskaintzea lan-merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten pertsona kualifikatuentzat, bereziki emakumeentzat, zaintza-lanak tarteko lan merkatuan eten bat izan dutenentzat.
HAZILAN+ bi ibilbide nagusitan egituratzen da OSATU eta LORPEN, parte-hartzaileen behar zehatzei erantzunez. OSATU ibilbideak prestakuntza saioak eta ordaindutako praktikak uztartzen ditu; LORPEN, berriz, laneratzeko prest dauden pertsonei banakako laguntza eskaintzen die.
- OSATU ibilbidea: lan-merkatuan eskatzen diren gaitasunak eskuratzeko taldekako saioak, Goierriko Berrikuntza Guneko erakundeetara eta eskualdeko industria-sektoreko enpresetara bisitak eta enpresetan praktikak egitea, 200 ordu eta 9 hilabete arteko iraupenarekin, hilean gutxieneko 480 €-ko beka batekin.
- LORPEN ibilbidea: lanpostura berehala iristeko gaitasuna duten pertsonei zuzendua, lan-merkatura zuzenean sartzeko banakako ibilbide bat eskainiz.
OSATU ibilbidea ekainaren 9an hasiko da. Beraz, interesa duten pertsona guztiak, adina edozein dela ere, Goiekiko Industria Sailarekin harremanetan jartzera animatzen ditugu, informazioa jasotzeko. Horretarako, 943 160 040 telefono zenbakira deitu edo
Informazio guztia eta izen-emateak www.goierri.eus web gunean ere eskuragarri daude.
Beasaingo Udalak funtsezkotzat jotzen du herritarren gaitasun profesionalak garatzea eta lan-munduan txertatzeko aukerak zabaltzea. Horregatik, HAZILAN+ bezalako ekimenek lehentasunezko babesa dute Udalaren aldetik.
Interesa duten herritar guztiei luzatzen diegu informazioa eskuratu eta parte hartzeko gonbitea, udalerriaren garapen jasangarriaren eta gizarte kohesioaren aldeko urrats gisa.


