Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Zaintzaren sektorera langile kualifikatuak bideratzeko formakuntza

2025/05/26

Elkar-Ekin Lanean programaren baitan, mendekotasuna duten pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko prestakuntza jaso duen taldeari diplomak banatu zitzaizkion Goiekin

Beasaingo Udalak bat egiten du langabezia murriztu eta kalitatezko enplegua sustatzeko helburuarekin eta baztertze arriskuan dauden dauden langabetuak gizarteratzearekin 

Gizarte-langileek eskatuta eta eskualdeko Gizarteratze Mahaiarekin lankidetzan (Caritas, Gurutze Gorria, Sarea Fundazioa, Goierri Eskola, Ede Fundazioa, Biok Zerbitzuak, Prospektiker eta Goieki), zainketen arloko prestakuntza eskaintzen hasi zen, eskari profesional handiko sektorea baita. Premia handi horren ondorioz, prestakuntzari ekiteko talde bat sortu zen. Honela, Mendeko Pertsonei Arreta Soziosanitarioa Etxean, 2. Mailako Profesionaltasun Ziurtagiriko prestakuntza ikastaroa eskaini zitzaien pertsona talde bati. 

Zainketen arloko pertsonal formatuaren beharra

Gurutze Gorriak emandako ikastaroa, 2024ko apirilaren 22an hasi eta 2025eko maiatzaren 7an amaitu zen, 14 laguneko taldearekin eta 530 orduko iraupenarekin. Aldi luze horretan, ikasleek hiru prestakuntza-modulu bereizi landu zituzten, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzari eta laguntzari buruzko funtsezko ezagutzak eskuratzeko. 

Ikastaroa, “Etxeko laguntza eta familiako elikadura" lehen moduluarekin hasi zen. Bertan, ikasleek mendeko pertsonentzako etxea kudeatzen ikasi zuten. Bigarren moduluan, "Higienea eta etxeko osasun-arreta", parte-hartzaileek mendekotasuna duten pertsonen beharrak identifikatzen, higiene pertsonaleko teknikak aplikatzen eta etxean medikamentuak nola ematen ikasi zuten. Horrez gain, mugikortasuna errazteko trebetasunak garatu zituzten. Azkenik, hirugarren moduluan, "Etxeko arreta eta laguntza psikosoziala", mendeko pertsonei emozionalki eta sozialki laguntzea izan zuten helburu, haien autonomia, komunikazioa eta ongizatea sustatuz familiaren eta eguneroko ingurunearen barruan.

Prestakuntza-ibilbide honek mendetasun-egoeran dauden pertsonei zaintza integrala eta kalitatezkoa eskaintzeko funtsezko ezagutzak eman dizkie ikasleei. Izan ere, egungo gizartean eta etorkizunera begira zaintza arloan formazio hau behar duten langileen beharra aurreikusten da. 

Maiatzaren 15ean, Goiekiko instalazioetan, Mendeko Pertsonei Arreta Soziosanitarioa Etxean, 2. Mailako Profesionaltasun Ziurtagiriko prestakuntza arrakastaz amaitu duten 14 pertsonei diplomak banatzeko ekitaldia egin zen eta bertan izan zen Elena Ruiz Beasaingo Udaleko zinegotzia.

Profesionaltasunez eta bokazioz zaintzea

Gizartean eta Lan-munduan txertatzeko Eskualdeko Sareak bultzatutako Elkar-EKIN Lanean enplegu programaren helburua,  gizartean bazterturik dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzea da, egungo lan-merkatuaren beharretara egokitutako prestakuntza-eskaintza kualifikatuaren bidez.

Proiektu hau, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak %85ean eta Goierriko udalen %15ean finantzatuta dago. Programak, gizarteratzearekin eta eskualdean kalitatezko enplegua garatzearekin duen konpromisoa islatzen du.