Zerbitzuak hiru urteko iraupena izango du, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin, eta Gernika pasealekuko aparkalekuan ibilgailu elektriko berri bat gehitu da
Ibilgailu berriak %50 gutxiagoko tarifa eskaintzen du distantzia ertainak erosoago egin ahal izateko eta honela erabiltzaile berriak erakartzeko
Beasaingo Udalak herrian mugikortasun jasangarria sustatzeko apustu irmoarekin jarraitzen du. Azken urtean proba pilotu gisa funtzionatu ondoren , Udalak ibilgailu elektrikoen erabilera partekatua (car sharing) errazteko zerbitzua finkatzea eta luzatzea erabaki du. Prozedura ireki baten bidez, zerbitzu hau hiru urterako kontratatu da (urtebeteko luzapen posible batekin), eta Gernika pasealekuko gunean dagoen flotari auto berri bat gehitu zaio.
Ekimen honekin, herritarrei eta udal-langileei garraio publikoaren osagarri jasangarri, malgu eta ekonomiko bat eskaini nahi zaie, hauen bizi-kalitatea hobetzeko eta herriko trantsizio energetikoan sakontzeko.
Zerbitzuaren onurak eta helburuak
Beasaingo Udalaren helburua da herritarrek auto elektrikoak erabili ahal izatea horien jabe izan beharrik gabe. Horrek abantaila ugari dakarzkio erabiltzaileari eta ingurumenari:
- Aurrezpen ekonomikoa: auto bat jabetzan izateak dakartzan hasierako inbertsio handiak eta mantentze-lan, aseguru edo zergen kostuak saihesten dira. Gainera, kargatzeko elektrizitatea erregai tradizionala baino merkeagoa da.
- Ingurumena zaintzea: Ibilgailu elektrikoek ez dute CO2 isurpenik egiten, airearen kalitatea hobetuz. Era berean, partekatutako autoek zirkulazioan dauden ibilgailuen kopurua murrizten dute eta trafikoa arintzen dute.
- Malgutasuna: Zerbitzua unean uneko beharretara egokitzen da (150 eta 400 km arteko autonomiarekin, herrien arteko bidaia motz zein ertainetarako aproposa).
- Hiri-politiken abantailak: Ibilgailu hauek sarbide librea dute isurpen gutxiko eremuetara (IGE), inolako murriztapenik gabe.
Ibilgailu berri ekonomikoagoa
Gernika pasealekuko aparkaleku publikoan kokatuta dago zerbitzua. Bertan, sarbide errazeko karga-puntuak daude, %100ean iturri berriztagarrietatik datorren argi-indarra hornitzen dutenak. Azken urte honetan bi ibilgailu egon dira erabilgarri eta kontratazio berriarekin hirugarrena gehitu zaio egungo eskaintzari.
Udalak urrats garrantzitsua eman du mugikortasun jasangarriaren eta partekatuaren alde. Carsharing zerbitzuak ibilgailu elektriko berri bat jarri du herritarren eskura: tamaina itxurakoa izan arren, bost eserleku ditu eta 380 kilometroko autonomia eskaintzen du (WLTP estandarraren arabera). Ezaugarri horiei esker, aukera ezin hobea da egunean zehar ibilbide ertainak malgutasun osoz egiteko.
Ibilgailu berri honek prestazio apalagoak ditu Beasainen dauden beste modeloekin alderatuta, eta horrek eragin zuzena eta positiboa du poltsikoan. Izan ere, alokairu-tarifak % 50 merkeagoak dira beste ibilgailuekin alderatuta, hau da, erdi prezioan lortzen da zerbitzua. Prezio lehiakor horien helburua da gaur egun zerbitzua erabiltzen ez duten herritarrengana gerturatzea, auto partekatua probatu dezaten eta mugikortasun eredu hau Beasainen are gehiago errotu dadin. Gainera, alokairu-bonuak erosten dituzten erabiltzaileek % 33ko beherapena izango dute ibilgailu guztien tarifetan.
Carsharing-a euskaraz eskaintzen duen lehen ekimena
Mugikortasun eredu berritzaile hauek atzerritik (bereziki herrialde anglosaxoietatik) etorri ohi direnez, ohikoa da ingelesetik hartutako hitzak erabiltzea, hala nola carsharing edo carpooling.
Alabaina, Beasaingo Udalak argi utzi zuen lizitazio-prozesuan aplikazioak zein jakinarazpen guztiek euskaraz jasotzeko aukera bermatu behar zutela. Baldintza horri erantzunez, enpresa esleipendunak autoa partekatzeko zerbitzua euskaraz kontratatzea ahalbidetzen duen lehen aplikazio mugikorra argitaratu du. Era honetan, aurrerapauso esanguratsua eman da mugikortasun-zerbitzu berriak eta euskararen erabilera uztartzeko bidean.



