Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Udalak autoa partekatzeko hobariak aktibatu ditu berriro ere

2026/04/17

Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua berretsiz, Partecar ekimenak deskontuak eskainiko ditu aste honetatik aurrera Tribbu aplikazioaren bidez egiten diren bidaietan

Aplikazioan 452 erabiltzaile daude erregistratuta eta orain arte 546.000 km baino gehiago partekatu dira desplazamenduetan eta 58.000€ euro inguru aurreztu dira erregaian

Beasaingo Udalak tinko jarraitzen du garapen jasangarriarekin eta herritarren ongizatearekin duen konpromisoan, helburu horiek zuzeneko eragina baitute guztion etorkizunean. Hori dela eta, ibilgailua partekatzeko ahaleginean hobari-poltsa berria martxan jartzea erabaki du Udalak aste honetatik aurrera. Ekimen honen bidez, auto pribatuen okupazio-tasa hobetu eta herriko emisio kutsatzaileak murriztu nahi dira, garraio publikoak beti aukera eraginkorrik ematen ez duen eremuetan alternatiba bat eskainiz.

Hobariak, nola eta noiz

Apirilaren 13tik aurrera, eta poltsa agortu arte, Tribbu aplikazioa erabiltzen duten gidari zein bidaiariek % 50eko hobaria izango dute bidaia bakoitzeko, gehienez 2 euroko mugarekin ibilbide eta pertsona bakoitzeko. Onura hori jaso ahal izateko, ezinbestekoa da bidaiaren abiapuntua edo helmuga Beasain izatea.

Hazkunde etengabea eta ingurumen-onurak

Partecar proiektua finkatuta dagoen tresna da Beasainen, eta gaur egun 452 erabiltzaile baino gehiago daude erregistratuta aplikazioan. Martxan jarri zenetik, 546.000 kilometro baino gehiago partekatu dira desplazamenduetan, eta horri esker 81.000 kg CO₂ eta 261.000 kg NOx baino gehiago eguratsera ez isurtzea lortu da. Alderdi ekonomikoari dagokionez, orain arte egindako 8.500 bidaia baino gehiagotan herritarrek 58.000 euro inguru aurreztu dituzte erregaian, etxeko ekonomiei arnas pixka bat emanez.

Nola hasi erabiltzen?

Eguneroko joan-etorrietan gastuak partekatu nahi dituzten herritarrek Beasaingo udal aplikaziotik edo zuzenean, Tribu aplikazioa deskargatu behar dute Play Store edo App Store bidez. Behin mugikorrean instalatuta, erregistratu eta BEASAIN22N kodea sartu beharko da onurez gozatu ahal izateko. Tresna hau bereziki baliagarria da mugikortasun zailtasunak dituzten landa-auzoetako biztanleentzat, lana edo ikasketa zentroetara joateko aukera berri bat eskaintzen baitie.