Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Tori! atarietara iritsi da: banaketa jasangarria orain zure etxean zuzenean

2026/02/11

Beasaingo Udalak beste hainbat eragileekin batera takilla adimendunak etxeko atarietan doan jartzeko kanpaina abiatu du, erosketak modu eroso, malgu eta emisiorik gabe jasotzeko 

Informazio kanpaina berezia jarriko da martxan: buzoiketa, ikus-entzunezkoak eta auzoz auzoko informazio postuak opariekin eta 50 euroko bonoen zozketarekin

Beasainek beste urrats erabakigarri bat eman du hiri logistika jasangarriago baterantz. “Tori!” banaketa sistema, orain arte udalerriko puntu estrategikoetan kokatutako takilla publikoen bidez eskaini dena, etxebizitzetako atarietara zabaltzen da orain. Helburua argia da: herritarrek erosketak etxe azpian bertan jaso ahal izatea, modu erosoago, malguago eta ingurumena errespetatuz. 

Beasaingo Udalak doako instalazio aukera eskainiko die etxebizitza komunitateei, inongo kosturik eta loturarik gabe. Neurri honek tokiko merkataritza indartu, azken miliako trafikoa murriztu eta eguneroko erosketen kudeaketa erraztu nahi ditu, udalerri jasangarriago eta konektatuago baten aldeko estrategiaren barruan.

Takilla adimendunak eta banaketa jasangarria

“Tori!” sistemak bizikleta elektriko eta zamadunen bidez egiten ditu banaketak, emisiorik gabe. Beasaingo azokan eta atxikituriko saltokietan egindako erosketak erabiltzaileak hautatutako takillara eramaten dira, eta 48 orduz jaso daitezke, etxean egon beharrik gabe eta ordutegi murrizketarik gabe. 

Etorkizun batean, Correos, DHL eta NACEX bezalako banaketa enpresak atxikitu nahi dira zerbitzura, azken miliako banaketaren optimizazioaren bitartez trafikoa murriztu eta bide segurtasuna hobetu dadin. Izan ere, banatzaileek beraien entrega lehen saiakeran egitea ahalbidetuko du joan etorrian ibili beharrik gabe.

Eskatu zure atarirako takilla bat

Orain, zerbitzu hori are hurbilago egongo da: etxebizitzetako atarietan takillak jartzeko eskaera egin ahal izango dute bizilagunen komunitateek. Guztiz doakoa izango da, baita bizikleta bidezko banaketa ere, Beasaingo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioari esker.

Eskaera egiteko, komunitateko edozein bizilagunek webguneko galdetegia bete beharko du, jabekideen batzarrean aztertu eta onartu dadin. Halaber, eskaera presentzialki ere egin ahal izango da, datorren asteko informazioa eta arreta postuetan inprimakia betez.

Informazio kanpaina berezia gaurtik aurrera

Ekimen berria herritar guztiengana iristeko, Udalak informazio kanpaina zabala prestatu du. Eskuorri informatiboen buzoiketa egin du etxe guztietan eta datorren astean ikus-entzunezko euskarriez gain, informazio postu ibiltaria kalean kalean izango da honako egunetan: 

  • Otsailak 16: Kiroldegian (arratsaldez)
  • Otsailak 17: Plazan (goizez) eta Erauskin plazan (arratsaldez)
  • Otsailak 18: Ezkiaga auzoan (arratsaldez)
  • Otsailak 19: Barrendain plazan (arratsaldez)

Postuetara hurbiltzen direnek informazio pertsonalizatua jasoko dute, opari bana eta 50 euroko erosketa-bonoen zozketan parte hartzeko aukera ere izango dute.

Jasangarritasuna, tokiko merkataritza eta bizi-kalitatea

“Tori!” ez da soilik bidalketa edo erosketak jasotzeko sistema bat. Udalaren hiri-ereduaren barruan kokatzen da: mugikortasun jasangarria sustatzea, CO₂ isurketak gutxitzea, azken miliako trafikoa arintzea eta batez ere, tokiko saltokien zein azokaren lehiakortasuna indartzea. Bizikleta bidezko banaketari esker, Beasaingo dendei eta azokari saltoki handi zein online plataformekin etxez-etxeko banaketan lehiatzeko aukera eman nahi zaie.

Lankidetza publiko-pribatua, berrikuntzaren oinarri

Proiektua Beasaingo Udalaren, Bareak, BasqueCCAM, Normo eta Txita erakundeen arteko lankidetzari esker garatu da, tokiko merkataritza, teknologia eta ziklologistika uztartuz, banaketa eredu berritzaile eta jasangarri bat eskaintzeko.

Informazio gehiago edo takilla eskatzeko: www.beasain.eus – Tori! atalean aurkitu daiteke.