Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Beasainen zure bizikleta prest Mugi txartelarekin

2025/09/22

 Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eta Beasaingo Udalak irailaren 24an Erauskin plazan egingo den ekimena aurkeztu dute

Furgoneta-tailerrak doako oinarrizko konponketak eta sari bereziak eskainiko ditu MUGI txartela erakusten dutenentzat

"Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin" izeneko ekintza irailaren 24an egingo da goizeko 10:30 eta 14:00ak bitartean Beasaingo Erauskin plazan. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, Udalarekin elkarlanean, furgoneta-tailerraren bidez bizikleten oinarrizko konponketak eskainiko dizkie MUGI txartel pertsonalizatua aurkezten dutenei.

Beasaingo aurkezpenean Azahara Dominguez diputatuak, Beasaingo alkateak eta Ordiziako alkateak parte hartu dute, egun berean arratsaldez izango baita ekimena Ordizian. Bertan azaldu dutenez, ekimenaren helburua da bizitza-ohitura osasungarriak sustatzea, bizikletaren erabilera bultzatzea eta garraio publikoa hurbiltzea MUGI sistemaren bidez. 

Beasaingo Udala ari da mugikortasun jasangarria lehenesten eta herritarren ohituretan txertatzen. Herri barruko desplazamenduak oinez edo bizikletaz sustatzen esaterako. Garraio publikoaren erabilera sustatzea Mugi txartelaren bidez guztiz lerrokatzen da udalaren helburuekin. Beraz, ekimen honek udal asmoei bultzada bat ematera dator.

Sariak eta zozketak

Parte-hartzaileek bi bizikleta eta 20 euroko balioa duten 60 birkarga irabazteko aukera izango dute, MUGI txarteletan.

Ekimen hau Mugikortasunaren Europako Astearen barruan kokatzen da, garraiobide jasangarriagoen erabilera sustatuz: bizikleta, garraio publikoa eta oinezko joan-etorriak. Horiek guztiek onura nabarmenak dituzte bai ingurumenarentzat, bai osasun publikorako.

MUGI sistemaren abantailak

Ekimenarekin batera, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren bidez laguntza eskainiko zaie MUGI txartela eskatu nahi dutenei. Txartel honek abantaila ugari ditu: doako transbordoak, deskontuak eta hobariak, 15 urtetik beherakoentzako doakotasuna, edota mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileentzako doakotasuna.