Abuztuaren 10etik 16ra ez da ur berorik egongo dutxetan eta gainerako eremuetan; ur hotzaren zerbitzua, berriz, mantendu egingo da
Lanak barruko igerilekuak husteko eta mantentzeko urteko lanekin batera egingo dira, herritarrengan ahalik eta eragin txikiena izateko.
Esku-hartze honi esker, beroaren ekoizpena tenperatura-mailen arabera banatu ahal izango da, eta Antzizar District Heating bero-sareari errendimendu handiagoa aterako zaio
Beasaingo Udalak datorren astelehenean, abuztuak 10, ekingo dio Antzizar kiroldegiko ur beroaren sarea berriztatzeari. Ekimen hau Udalak udal-azpiegiturak etengabe modernizatzeko eta hobetzeko duen konpromisoaren barruan sartzen da, betiere herritarrei zerbitzu kalitatezkoa, jasangarria eta beren beharretara egokitua eskaintzeko asmoz.
Modernizazioa eta energia-eraginkortasuna
Nahi eta nahiezkoa zen lan hauei ekitea, hodiak zein kontrol-gailuak beren bizi-iraupenaren amaierara iritsi baitira. Halere, materialak berritzetik haratago doa esku-hartzea, lehen fase honek atea irekiko baitio etorkizuneko kudeaketa termiko aurreratu bati.
Bigarren fase batean, ur beroaren ekoizpena erabilera-tenperaturaren arabera bereizi ahal izango da. Horrela, tenperatura altuko zirkuituek (dutxetako ur beroa eta berogailuak) eta tenperatura ertainekoek (igerilekuetako ura eta klimatizazioa) bakoitza bere aldeitk funtzionatuko dute. Banaketa honi esker, eraginkortasun energetikoan urrats handia emango da eta Antzizar District Heating bero-sare publikoa askoz hobeto aprobetxatuko da.
Zerbitzuan izango duen eragina eta egutegia
Hodi nagusiak segurtasun osoz aldatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da ur beroaren hornidura aldi baterako moztea abuztuaren 10etik 16ra bitartean. Egun horietan, dutxa, aldagela eta gainerako eremuetan ur hotza bakarrik egongo da erabilgarri. Era berean, sare beroaren eta hotzaren arteko loturak egiteko ur-hotzaren mozketaren bat egon badaiteke ere, eragina txikia eta laburra izatea espero da.
Urteroko geldialdia aprobetxatuz
Erabiltzaileei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko, Udalak barruko igerilekuen urteko geldialdi teknikoarekin bateratu ditu lanak; hots, igerilekuak husteko eta garbitzeko urtero baliatzen den garaiarekin. Gainera, abuztuaren erdialdean oporren ondorioz kiroldegian izaten den erabiltzaileen beherakada ere kontuan hartu da data hauek hautatzeko.
Beasaingo Udalak aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkie erabiltzaileei egoera hau ulertzeagatik eta lankidetzagatik; izan ere, behin-behineko etenaldi hauek ezinbestekoak dira instalazio modernoagoak, jasangarriagoak eta kalitate gorekoak izaten jarraitzeko.



