Landa-auzoan zegoen eskaera historiko bati erantzuna eman zaio, ingurumenaren eta osasun publikoaren mesedetan eta hondakin-urak arazteko instalakuntza berria eraiki da
Aldi berean, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko urbanizazio hobekuntzak egin dira; auzoko zoladura, argiteria eta ur-hornidura berritu dira eta baita Telekomunikazio eta elektrizitate-sarea lurperatzeko kanalizazioak ere
Guztira 711.620,01 euroko inbertsioa egin da, Udalak 410.609 euroko ekarpena egin du eta 163.693,69 euroko dirulaguntza jaso da 2024ko Eusko Jaurlaritzako EREIN programaren bidez
Beasaingo Udalak amaitu ditu Garin auzoan hondakin-uren saneamendua bideratzeko lanak. Honela, oinarrizko azpiegitura estrategikoa txertatu da landa-auzoan. Udal gobernuak aspaldidanik eskuartean zuen egitasmoa gauzatu da horrela, landa-auzoen beharrei arreta jarriz eta Garinen zegoen eskaera nagusietako bati erantzuna emanez.
Orain arte biltzen ez ziren hondakin-urak behar bezala kanalizatu eta tratatzeko azpiegitura ezartzea funtsezko neurria da auzotarren bizi-kalitatea hobetzeko eta ingurunea babesteko. Saneamendu-sistema egokirik ez izateak lurzorua eta tokiko ur-iturburuak kutsa ditzake, ibaiak, errekak eta lurpeko akuiferoak barne. Tratatu gabeko hondakin-urek, gainera, ekosistemari kalte egiteaz gain, giza osasuna arriskuan jar dezakete.
Ingurumena, osasuna eta garapen jasangarria
Landa-auzo batean hondakin-uren saneamendu-sarea ezartzea beharrezkoa eta onuragarria da hainbat ikuspegitatik: ingurumenaren babeserako, osasun publikoaren bermearako eta garapen ekonomiko jasangarrirako. Egin den esku-hartzea komunitatearen orainaldian eta etorkizunean egindako inbertsioa da, ingurune osasungarriagoa, seguruagoa eta jasangarriagoa bermatuko duena.
Hondakin urak biltzeko araztegi berria
Lan hauetan, ur zikinen kutsadura kentzeko EDAR instalakuntza berria eraiki da auzoan. EDAR bat —Hondakin Uren Araztegia— etxeetako eta industrietako ur zikinen kutsadura kentzeko diseinatutako instalazioa da. Bere eginkizuna da ur hori behar bezala garbitzea eta, ondoren, ibaietara edo itsasora baldintza seguruetan itzultzea. Araztegi hauek osasun publikoa eta ingurumenaren oreka babesteko balio dute. Era berean, kutsadura murrizten dute eta prozesuan sortzen diren lohiak modu kontrolatuan kudeatzen dituzte.
Bertan, hainbat tratamendu aplikatzen dira: tratamendu fisikoak, kimikoak eta biologikoak. Prozesu horien bidez, etxe eta industrietatik datorren ura garbitzen da. Helburu nagusia hondakin solidoak kentzea, materia organikoa ezabatzea eta ibai eta itsasoentzat kaltegarriak diren mantenugaiak murriztea da. Horrela, ingurumen araudia betetzen dela bermatzen da eta ura naturara baldintza egokietan itzultzen da.
Saneamendu sarearen guztizko kostua 596.381,66 eurokoa izan da. Hauetatik, Beasaingo Udalak erdia finantzatu du 295.370,48 euro, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak 150.505,59 € eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gainontzeko 150.505,59 euro.
Aldi berean, Udalak kofinantziazioa lortu du Eusko Jaurlaritza-tik eta Europar Batasuna-tik. Zehazki, 2024ko EREIN dirulaguntza programaren baitan, eta guztira 163.693,69 euroko dirulaguntza eskuratu du lan hauentzat, Eusko Jaurlaritzaren funts propioetatik eratorria.
Urbanizazio hobekuntzak auzotarren mesederako
Saneamendu-lanak aprobetxatuz, Udalak bere kabuz hainbat urbanizazio-hobekuntza ere egin ditu Garin auzoan, auzotarren behar eta eskaerei erantzunez 115.238,35 euroko inbertsio gehigarriarekin. Besteak beste, honako esku-hartzeak burutu dira: asfalto inprimatuzko zoladura berria auzoko espazio publikoan, LED argiteria berria, ur-hornidura sarearen berritzea eta telekomunikazio eta elektrizitate-sarea lurperatzeko kanalizazioak egitea.
Esku-hartze horiek eragin zuzena dute auzotarren eguneroko bizitzan, eta balio erantsia ematen diote auzoari, bizigarriagoa, irisgarriagoa eta erosoagoa bihurtuz.
Esku-hartze integrala
Saneamendu zein urbanizazio lanen esku-hartze integral honek guztira 711.620,01 euroko inbertsioa suposatu du eta lanen iraupena zazpi hilabetetakoa izan da. Saneamenduaren kasuan, obrak Lurkide Hondalanak S.L. enpresak egikaritu ditu eta urbanizazioena aldiz Otegi Gaztañaga S.L. enpresak.
Beasaingo Udalak berretsi du landa-auzoen garapena eta bizi-baldintzen hobekuntza lehentasunezko ildo estrategikoa direla, eta norabide horretan lanean jarraituko duela, herritarren ongizatea eta lurraldearen kohesioa sendotzeko.





